Pintxo osasungarrien bigarren liburua aurkeztu dute Groseko ostalariek
Groseko osasun-zentroak eta bertako hainbat ostalarik duela bi urte abian jarri zuten Sukaldea eta Bihotza kanpainarekin jarraituz, sukaldaritza eta elikadura osasungarriari buruzko bigarren liburua aurkeztu dute gaur: Sukaldaritza osasungarria. Gozatu zainduz.
Liburu berri honetan pintxoak egiteko berrogei errezetatik gora erakusten dira, eta errezeta bakoitzarekin batera, elikadura osasuntsurako hainbat aholku ematen dira.
Eduardo Tamayo, Groseko osasun-zentroko sendagilea eta Sukaldea eta Bihotza kanpainaren koordinatzailea, Marisa Merino Osakidetzako kudeatzailea eta Joima Panisello, Bartzelonako dietalaria izan dira liburuaren aurkezpenean.
Betiko sukaldaritza eta produktuen kalitateak duen garrantzia azpimarratu dute. “Bizimodua aldatzen ari da, elikagaiak eta sukaldatzeko erak ere bai, baina jaten duguna gara, eta elikadurari garrantzia handia eman behar diogu, osasuntsu egon nahi badugu”, esan du Joima Panisellok.
Sukaldaritza osasungarria. Gozatu zainduz liburua aurkeztu dute, baina proiektua gizarte osora zabaldu nahi dute. Etxean, lagunartean, lanean, tabernetan, otordu guztien garrantzia azpimarratu dute. Horregatik, Groseko ostalariek, libururako errezeta osasuntsuak prestatzeaz gain, eguneroko lanean ere elikadura teknika egokiak erabiltzeko konpromezua hartu dute.
Hortaz, Groseko taberna eta jatetxeetako pintxoak sukaldaritza osasungarriaren ikur izateko lanean jarraituko dute.



