Euskotreneko luzapen lanek hirian izango dituzten eraginak azaldu dituzte
Galparsorok gogora ekarri du uztailean ETS zati batzuk publikoki aurkeztu zituela Jaurlaritzak, udalera proiektuak eta eraginak iritsi ez zirenean. Honen adibide udalak ETSri Lugaritz-Antigua zatiaren proiektua bidaltzea hainbat aldiz eskatu izana. Dokumentua azaroaren 7an heldu zen azkenean.
Bestalde, Galparsorok kritikatu du garraio sailburuorde Ernesto Gascok duela egun gutxi esan zuela, udal gobernuak Easo-Antiguo zatiko lanek izango dituzten eraginak onartu zituela; “hori guztiz faltsua da”, esan du.
Hilabete luzez itxita edo hartuta Hainbat eragin eta aldaketa aipatu dituzte bai Galparsorok eta bai Mugikortasun zinegotzi Jon Albizuk ere. Besteak beste, 36 hilabetez hartuta izango dira 150 metro galtzada eta Morlans pasealekutik aurrera diren lorategiak. Erdialdean zein Antiguan, hainbat kale moztuta edo hartuta egongo dira 8 eta 12 hilabete bitartean; San Martin, Easo, San Martzial, Loiola eta San Bartolome kaleak, besteak beste.Larritzat jo dute Matia kalearen kasua. Izan ere, 8 hilabetez itxita egongo da, baina batik bat, ETSk erabakitako metro sarreraren kokalekua dela eta, kalea oinezkoentzat bilakatuko da, “udal gobernuak inongo erabakirik hartzeko aukerarik izan gabe”. Izan ere, Galparsorok adierazi du ETSk ez duela metro sarreren inguruetako urbanizazioei buruzko hitzarmena aztertzeko nahikoa denborarik eman; “azaroaren 19an iritsi eta 30erako erantzuna eskatzen zitzaigulako”, azaldu du.
Hiri osoan eragina Albizuk bere aldetik, garraioari dagokionez, lan hauek hiri osoan izango duten eraginaz aritu da. Izan ere “domino efektua” izango duela aurreikusten da; “lan hauek ez diete Antigua edo Erdialdeari bakarrik eragingo, arazoak hiri guztira zabalduko dira”, esan du. Izan ere, hainbat kalek (Kontxako pasealekua, Zarautz hiribideak…) hiru urteetan karril bat gutxiago izango dute.Bestetik, Dbusek eta aparkalekuek izango dituzten galera nabariak jarri ditu mahai gainean; “nork ordainduko du Kontxako aparkalekura sarbideak kentzeak eragingo duen galera ekonomikoa, edota Dbusen aldaketen ondorioz emango direnak?”, galdetu du.
Udal gobernuak ez duela nahikoa informaziorik jaso salatu dute. Galparsorok ez du hau ulertzen, izan ere, “horrelako handitasuneko lanek” lankidetza eskatzen baitute, besteak beste udal teknikariak, obrek eragingo dituzten ondorioak sahiesten saiatzeko; “eta hemen ziurtatzen dut ari direla”, gaineratu du, baina ez behar bezalako informazio eta denborekin.
Eraikitze lanak noiz hasiko diren informaziorik ere ez dutela jaso esan dute.