Reala Kopatik kanpo geratu da, merezita (2-2)
Reala, beste urte batez, Kopatik kanpo geratu da itxura txarra emanda. Anoetan 2-2 berdindu du final-hamaseirenetako itzulerako partidan, eta agur esan dio txapelketari.
Kordoban 2-0 galdu eta gero, kanporaketari buelta emateko asmoz zelairatu dira txuri-urdinak Bigarren Mailako talde andaluziarraren aurka. Lehen zatian kanporaketaren minutu onenak jokatu dituzte; aukera asko izan dituzte eta, horietako batean, Griezmannek 1-0ekoa lortu du 21. minutuan.
Atsedenaldira emaitza horrekin joan dira bi taldeak. Bigarren zatiaren hasieran, Montanierrek zuzendutako jokalariek bigarren gola gertu izan dute, baina Kordoba izan da baloia sareetara bidali duena. 65. minutuan izan da, eta kanporaketa ia erabakita zegoen gol horrekin, Realak hiru behar baitzituen etxetik kanpoko golen balioa dela eta.
Gauzak are eta gehiago okertu dira handik bost minutura; Kordobak 1-2koa egin du. 84. minutuan Agirretxek berdinketa egin du, baina dagoeneko ez du ezertarako balio izan.