Sentsibilizazioa bilatuko du preso ohiak laguntzeko elkarteak
Harrerak hiru egitasmo egingo ditu, preso ohi donostiarrei laguntzeko asmoz bazkideak lortzeko
Jaiki Hadi elkartearen barruan urteak lanean ibili eta gero, preso ohiei eta errefuxiatuei laguntza emateko sortu da Harrera Elkartea. Zehazki, gizarteratze momentu horretan bizi dituzten zailtasunei aurre egiten laguntzeko.
Elkarteak ere laguntza behar du, baina, eta egiten duten lana eta sentsibilizazioa zabalduz, bazkideak lortzea dute helburu.
Horretarako hainbat ekimen antolatu dituzte Donostian, besteak beste, elkartea zertan den azaltzeko. Lehenengoa, Koldo Mitxelena kultur etxean izango da. Abenduaren 3an, elkartearen aurkezpena egingo dute. Bertan, bideo labur bat jarriko dute, eta ondoren, bi preso ohiek hitzaldia emango dute; Jon Ugartek eta Juan Karlos Yoldik.
Hurrengo hitzorduak, abenduaren 13an Larrotxene kultur etxean, 19:30ean, eta abenduaren 18an Dokan 19:00tan izango dira. Azken honetan, jateko zerbait ere eskainiko dute.
Harrera elkarteko kide Jon Vitoriak Irutxuloko Hitzari azaldu dio, helburua lanean jarraitu ahal izateko bazkideak lortzea dela, baina horretarako sentsibilizatu eta kontzientziatzea beharrezkoa dela; «jendea, presoak barruan daudenean asko sentsibilizatzen da, baina behin kanpora aterata jarraitu behar da lanean», esan du.
«Benetako behar bat da»
Vitoriak azaldu du, behin kartzelatik ateratzean, edo kanpotik itzultzean, ezagutzen ez duten gizarte batean aurkitzen direla preso ohiak zein errefuxiatuak. Laguntza hau ematea, eta babesa izatea oso garrantzitsua dela adierazi du, eta hori azpimarratuko dutela bazkideak lortzerako momentuan; «benetako behar bat da», dio.
Hasiera batean, lanaren inguruko laguntza eskaintzea zen helburu, izan ere, arazo larria dela iritzi du Vitoriak; «hainbat egoera badira ere, adineko jendea izan ohi da askotan, eta formakuntzarako aukera gutxi izan duena», dio.
Baina esperientziak erakutsi diete gizarteratze arazoak hainbat direla eta, beraz, eman beharreko laguntzak ere bai. Batez ere, egoerak anitzak direla azaldu du, denetarikoak izan daitezke.
Hori dela eta, konturatu ziren, lan arloari bakarrik begiratutako laguntza ez zela nahikoa. Batzuek, laguntza psikologikoa ere eskatzen dute, izan ere, egoera aldaketa, edo gizarteratze prozesua, hainbeste denbora eta gero ez dela batere erraza izaten dio Vitoriak. Baina denetariko asistentzia lana egiten dutela ere azpimarratu nahi izan du, esaterako, laguntza medikoa; «adibidez dentistarengana joateko diru laguntza», dio.
Zuzeneko jarraipena
Lan egiteko moduari dagokionez, Harrerako kideak presoekin harremanetan jartzen dira, kalera ateratzera doazenean; «bi hilabete lehenago eskutitz bat bidaltzen diegu, kaleratzean, non gauden jakiteko, gure lana zein den jakiteko… eta abar», azaldu du Vitoriak.
Ia denek eskatzen dutela laguntza dio, eta behin hori eginda, jarraipen lana ere egiten dutela. Lehenengo gauza laguntza ekonomikoa ematea da, eta ondoren jarraipena egitea. Atera eta lau hilabetera biltzen dira haiekin, ondoren urte betera eta azkenik 18 hilabetera.
Preso ohiekin lan egiteaz gain, orain hirugarren graduan daudenekin ere lanean hasi direla dio. Esaterako «pultsera» daramatenekin; «linbo batean daude, besteak beste, ezin dutelako lanik egin egunean 4-5 ordu bakarrik atera daitezkeelako kalera», azaldu du. Egoera hauek guztiak azaldu eta jendearen inplikazioa bilatzea izango dute egitasmo hauetan helburu.


