Sortuk bostehun donostiar inguru elkartu ditu Sortzaile prozesuaren lehen bileretan
Alderdia herritarren ekarpenak jasotzen ari da; hurrengo batzarrak abenduaren 15ean izango dira.
Ezker abertzalea hamar urtez legez kanpo egon ostean, Sortuk joan den ekainean lortu zuen legezkotasuna. Alderdi politikoak Sortzaile prozesuari ekin dio orain, herriz herri eta auzoz auzo batzarrak egin eta eztabaiden bidez ekarpenak jasotzeko, beti ere alderdiaren oinarriak finkatzeko.
Lehen bilerak joan den asteburuan egin zituzten, eta Sortuko lagunak pozik dira emaitzarekin. Guztira, bostehun bat lagun hurbildu ziren batzarretara: Amara Berrin 38 lagun elkartu ziren; Grosen, 70; Parte Zaharrean, 60; Loiolan, 22; Bidebietan, 24; Egian, 42; Antiguan, 73; Añorgan, 28; Altzan, 25; Intxaurrondon, 32; eta Amaran, 30.
Erantzuna «bikaina» izan zela nabarmendu dute Sortuko kideek. «Batzarren edukiei dagokienez, luze aritu ginen; Sorturen definizioa zehazten, baita antolakunde berriaren oinarri ideologikoen inguruan hausnartzen ere. Sozialismoa, independentzia, feminismoa, internazionalismoa, ekologia, euskara edota parte hartzea bezalako kontzeptu sakonen gainean aritu ginen eztabaidan. Benetan aberasgarria», azaldu dute.
Batzar gehienak dezente luzatu ziren, jendearen parte hartzeak bultzatuta, baina talde txikietan banatu izanak batzarrak arindu zituen. «Baliatu genuen metodologiak asko arindu zuen prozedura guztia. Gainera, hamaiketakoak ere egon ziren atsedenaldietan, eta horrek beti laguntzen du», adierazi dute.
Asteburuko lehen bileren ostean, batzarreko aktak jasotzen ari dira orain, idatzitako balorazioak eta ekarpenak biltzeko.
Otsailaren 23a arte
Hurrengo bilerak abenduaren 15ean izango dira. Prozesua osatzeko beste bi bilera egingo dituzte ondoren Donostian; urtarrilaren 26an eta otsailaren 9an.
Herritarrekin bilera horiek guztiak egin ostean, prozesu guztia otsailaren 23an bukatuko dute, Sorturen lehenengo nazio biltzarrarekin.