Dantzaz konpainiako bi dantzari, Jacek Przybylowicz koreografoarekin. (Argazkia: Nagore Koch)
‘Kameleoiak’ obraren koreografia bat entseatzen ari da
Dantzaz konpainia
Kameleoiak ikuskizunaren koreografia bat entseatzen ari da Artelekun. Jacek Przybyowicz (Varsovia, 1968) koreografo poloniarrak sortu du, eta berarekin ari dira lanean. Obra berria hurrengo urtean estreinatuko dute, maiatzean, Viktoria Eugenia Antzokian.
Guztira hiru koreografia izango ditu ikuskizun berriak. Bata, Przybyowiczena; beste biak, Itzik Galili dantzari eta koreografo israeldarrarenak. Itzik Galilik askotan lan egin izan du Dantzazeko dantzari gazteekin. Madrilen taularatu berri duten
Arte-an obran, besteak beste.
Hiru aste emango ditu Jacek Przybyowicz-ek Artelekun. Ikuskizuna Viktoria Eugenian estreinatu aurretik itzuliko da Donostiara, azken entseguak zuzentzera. Bitartean, Dantzaz konpainiako zuzendari artistiko Adriana Pous ariko da ikasleekin lanean.
Kazetariei Artelekura joan eta entseguak zuzenean ikusteko aukera eman die Dantzaz konpainiak, eta bertan izan da Irutxuloko Hitza. Przybyowicz koreografo zorrotza dela esan du Adriana Pousek: “Etengabe zuzenketak egiten ari da, lan eta lan ari da dantzariekin”. Sortzaile poloniarrak Dantzazeko gazteek talentu handia dutela adierazi du, eta haiekin lan egitea “gogo-pizgarria” dela: “Energia asko dute, indar handia. Eta adinez gazteak diren arren, oso helduak dira. Sortzen jarraitzeko inspirazioa ematen didate”. Bere koreografia egokitu egin du beraientzako. Beraiek ezagutu eta gero zenbait aldaketa egin baititu piezan.
Dantzari gazteei lan egiteko aukera ematearen garrantzia azpimarratu du koreografoak: “Oso zaila da dantza ikasle batentzat konpainia profesional on batean sartzea. Horregatik oso garrantzitsua da Dantzaz bezalako proiektuak mantentzea”. Izan ere, Dantzaz konpainiak dantzari profesional izan nahi duten gazteentzako elkartea da. Hasiberriei tokia egiten die; eta helburua, dantzari gazteek konpainia profesionaletan kontratuak lortzea da.
Few Brief Sequences izena du poloniarrak sortutako piezak. Marin Marais musikagile barrokoaren musika izan du inspirazio. Dantza garaikidea estilo barrokora egokitu du. Emozioei buruzko lana dela azaldu du: “Gizakia da protagonista, eta emozioak dira obraren ardatza”. Ikusleek euren istorioa sortzea nahi du koreografoak: “Nik osagai batzuk emango dizkiet, eta beraiek nahierara interpretatzeko askatasuna izango dute”.
Polonian Poznango Balleta zuzentzen du. Bertan 43 dantzarirekin lan egiten du. Eroso dago Dantzazeko hamar dantzariekin. Guztiak entseatzen ari dira koreografia, baina soilik seik dantzatuko dute estreinaldian: “Guztiek ikasiko dute koreografia. Horrela azken momentuan aldaketaren bat baldin badago, ez da ezustekorik egongo”.
Urtarrila eta otsaila bitartean Itzik Galilirekin hasiko dira lanean
Kameleoiak ikuskizunaren beste bi koreografiak ikasteko. Hain zuzen ere, bere koregrafia batetik hartu dute ikuskizun osoarentzako izena:
Chameleons.