Antxon Iturriza, Fortunaren mendeurrenaren inguruko liburua aurkeztu zuenean (Argazkia: Estitxu Zabala)
Fortuna Kirol Elkarteak Urrezko Domina emango dio Antxon Iturrizari. Aspalditik da klubeko bazkide kirolari donostiarra, bereziki mendia baitu gogoko, eta idazlea eta kazetaria da. Gainera, berak idatzi du Fortunaren mendeurrenaren harira argitaratutako liburu mardula;
Fortuna (1911-2011), Un siglo de deporte popular. Liburu hori osatzeko, bi urtez lan egin behar izan du Iturrizak, hemerotekak kontsultatuz, elkarrizketak eginez, artxiboetan begiratuz… azken batean, klubak badaki sekulako lana izan dela, eta emaitzarekin oso gustura geratu da gainera. Beraz, Urrezko Domina ematea erabaki du. Bihar jasoko du garaikurra Iturrizak, Pio Baroja kiroldegian; klubak urtero boluntarioen lana eskertzeko egin ohi duen festan.
Fortunak 101 urteko ibilbidea darama dagoeneko bizkar gainean, eta denbora tarte horretan hamar lagunek bakarrik jaso dute urrezko domina: Leto Martin (1931), Irene Wilmer (1933), Francisco Yoldi (1935), Aquilino Sagarna (1943), Javier Adarraga (1945), Antxon Ganboa (1953), Luis Peña Basurto (1957), Pedro Elkoro (1961), Gabriel Navajas (1961) eta Pancho Gomez (2000).