Karlos I.aren etorbideko irteera apirilerako ixtea aurreikusi dute
Ordurako Urumeako autobideak prest egon beharko luke
Karlos I.aren zubibidea desagertzeko bidean, beste pauso bat eman dute erakunde arteko batzordearen bileran. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak autoentzako sarrera eta irteerak ixteko pausoak zehaztu dituzte. Apirilerako, Amaratik irteteko norabidean, Karlos I.aren etorbideko zirkulazioa moztea aurreikusi dute bertan. Horretarako, ordea, ezinbestekoa izango da Urumeako autobidea prest egotea. Azken hau otsailerako jarriko dute abian.
Udalak azaldu duenez, une honetan saihesbiderako irteerak mozteak trafikoan izango lukeen eragina aztertzen ari dira. Hiri Azpiegituren eta Zerbitzuen zinegotzi Nora Galparsororen ustez, arazo guztiak konponduta daude, bi izan ezik: Antiguan, Zumalakarregi eta Tolosa hiribideen arteko tartea, eta Martuteneko biribilgunea. Arazo horiei konponbidea bilatu, eta batzordea urtarrilean bilduko da berriz, irteera moztea posible den berrikusteko. Bilera horretan, inguruko errepideetan egin beharreko aldaketak zehaztuko dituzte. Urumeako autobidea abian jartzen denean zirkulazio ohiturak nola aldatzen diren aztertuko dute, eta ETT aholkularitza enpresak egindako aurreikuspenekin bat baldin badator, apirilean itxi ahal izango da irteera.
Karlos I.aren zubibidetik Amarara sartzeko zirkulazioa mozteko, berriz, Martuteneko biribilgunea altxatu beharko litzateke; eta ondorioz, Karlos I.aren irteera berriz ireki beharko litzateke. Beraz, sarrera itxi arte ezingo da zubibideko palataforma guztia kendu; baina irteera itxita dagoen bitartean zirkulazioa eta zarata murriztuko direla esan dute. Nahiz eta Karlos I.aren zubibidea ixtea epe luzerako luze joko duen arren, bizilagunek lehen aldaketak epe motzeran nabarituko dituztela uste du Galparsorok.
Bestalde, Galparsorok ohartarazi du Eusko Trenbide Sareko ordezkaririk ez dela izan bileran, eta gogora ekarri du Karlos I. ixteko egitasmoa ez dela bateragarria Topoa Donostiako erdigunean sartzeko proiektuarekin. Zinegotziak azaldu du Topoa eraikitzeko lanek ere zirkulazioan hainbat eragin izango dituela; eta beraz, proiektuetako bat atzeratu beharko litzatekeela.