Marrazkiei bizia ematen ikasten ari dira Artelekun
Ilusionismoa lantzeko tailerra egiten ari dira Artelekun.
Zinea sortu baino lehenago, hainbat objetu optikotan egiten ziren irudien errepikapenaren bitartez lortzen zen mugimendua, hiru dimentsioak eta pertsonaien aldaketa sotilen sentsazioa. Teknika hauek oso zaharrak dira, baina oraindik erabiltzen dira.
Elena Odriozola Groseko ilustratzailea eta Gustavo Puerta, irakaslea eta literatur kritikaria dira taierreko irakasleak. Elena Odriozolaren hitzetan, «hobeto edo okerrago marraztu, ikaslea pertsonaien adierazkortasuna eta sentimentuak islatzeko gai izan behar du».
Horretarako, hainbat teknika erabiltzen dituzte. Argitasun eta iluntasun efektuak, gainposizioak, behatxuloak edo irudien gain-jartzeak besteak beste.
Gainera, Gustavo Puertaren esanetan, «haur eta gazte literaturako pertsonaia asko estereotipoz beteak daude, gizarteko hainbat balore igortzeko sortuak dira, eta molde horietatik aldentzeko garaia da. Pertsonaiak biziak izan behar dute, izaera propioa eta askea dutenak, eta ez ilustratzailearen txotxongiloak».
Egungo liburu askotan aurkitzen diren pertsonaia lauei aurre eginez, irudi tolesgarriak edo disko birakariak egiten ikasiko dute ikasleek, linterna magikoak, diafanoramak, dioramak, zootropoak edo paperezko antzerkitxoak landuz. Beti ere, ilustrazioak berarekin daraman xarma eta ilusioa helburu izanez.
Irudi batek mila hitzek baina gehiago adierazi dezakeela esan ohi da, eta ez da gezurra. Liburu batean, hitzek daramate edukiaren mamia, baina marrazkiek ere pisu handia daukate.
Ilustrazioa da hain zuzen ere, egun hauetan Artelekun lantzen ari diren gaietako bat. Galtzagorri, Haur eta Gazte Literatura Elkarteak Artelekurekin batera, Marraz(i)Oak tailerra antolatu du. Ilusionismoa lortzeko zinearen aurretik erabiltzen ziren hainbat teknika erakusten dira ikastaro honen bitartez.