Masa Kritikoak urtebete egin du Donostian
Bulebarrean elkartu ohi dira beti, ordu berean, 19:30ean. Bizikletan ibiltzea gustuko duen jendearen topaketa bat da.
Eguraldi kaskarrari aurre egin behar izan dio batzuetan; hainbat auto eta motorren klaxon eta irainei beste batzuetan. Txirrindulari asko elkartuta batzuetan; jende gutxirekin bestetan. Baina Masa Kritikoak aurrera egin du. Isilak, zaratatsuak, alaiak, koloretsuak, mozorrodunak… Askotariko martxak egin dituzte hilabetez hilabete, eta hiriko hainbat auzotara iritsi dira.
Urtemuga ospatzeko, ahalik eta jende gehien elkartu nahi dute biharko, osteguna. Donostian bizikletaren erabilpena aldarrikatu nahi dute, eta txirrindulariak ikustarazteko bultzada berezi bat egin nahi dute. Izan ere, Masa Kritikoak txirrindulariak hiriko zirkulazioaren parte direla aldarrikatzeko elkartzen dira. Europako beste herrialdeetan egiten da martxa hau.
Zenbat eta jende gehiago elkartu, orduan eta ikusgarriagoak izaten dira Masa Kritikoak. Aldizkako topaketetan elkartzen den pertsona talde bat da Masa Kritikoa. Bizikleta aldarrikatzen eta sustatzen dute hiriko trafiko bezala, autoa baino alternatiba ekologiko eta seguruagoa delako. Ez dago ez liderrik, ezta erakunde edo kolektiborik ere. Eta manifestazio bat ere ez da. Bizikleta erabiltzaileen bilera bat da finean, hirian buelta bat emateko gogoa duten txirrindulariak elkartzeko.
Urtebete pasa da lehenengo Masa Kritikoa Donostian egin zenetik. Txirrindulariak hiriko zirkulazioaren parte direla aldarrikatzeko elkartzen dira hilero, azken ostegunean.