Kontseiluko bazkideak, gaur, Koldo Mitxelena kulturunean.
Manifestazioa 17:00etan abiatuko da Anoetatik
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko bazkideek agerraldia egin dute, Donostian larunbatean egingo den manifestazioaren inguruko azken xehetasunak emateko.Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok adierazi du euskaraz bizi nahi dutela esatera doazela: “Gu ere nahi horretan harro agertuko gara, eta gero eta gehiago garela adieraziko dugu”. Bilbaoren ustez “aldaketa garaia” da, eta aldaketa horiek eman daitezen une “ezin hobe” dela esan du.
Euskaraz bizi nahi dutenei manifestazioan parte hartzeaz gain, manifestazioaren bezperan sare sozialak euskaraz bizitzeko nahiaz betetzeko deia egin du. Baita larunbatean, euskaraz bizitzeko nahia kartel baten bidez adierazteko deialdia ere. Horretarako ehunka kartel banatuko dituzte parte hartzaileen artean.
Manifestazioa 17:00etan abiatuko da Anoetatik; eta Bulebarrean amaituko da. Anoetatik, Madril hiribidera; eta handik Urbieta kalera; eta azkenik Okendotik Bulebarrera.