Galparsoro: «Harritzekoa da TAOa defendatzen zuten horiek txintik ez esatea»
Enpresa guneetan aparkatze sistema arautua kentzeko bat egin dute udal talde guztiek udalbatzarrean, PSE-EEk izan ezik.
PSE-EEren azken legegintzaldian ika-mika handia sortu zen TAOarekin, Odon Elorzak buru zuen udal gobernua enpresa guneetan aparkatze sistema arautua luzatzearen aldekoa baitzen. Bada, urtebeteko bileren ostean, Igara, Miramon eta Zuatzun TAO sistema kentzea adostu dute gaurko udalbatzarrean. Bilduk, EAJk eta PPk bat egin dute neurriarekin; PSE-EEk, ordea, abstentzioaren alde egin du.
Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotzi Nora Galparsorok PSE-EEren jarrera kritikatu du, oposizioko beste alderdiekin ez bezala, eurekin ez dutelako akordioa lortu. «Harritzekoa da TAOa defendatzen zuten horiek txintik ez esatea», adierazi du Ernesto Gascok buru duen alderdiari zuzenduta.
Hain zuzen ere, Bilduk, EAJk eta PPk egun garrantzitsutzat jo dute gaurkoa; PSE-EE, ordea, adostutako proposamenak abantailak dituela onartu arren, zenbait gabezi dituela esatera mugatu da.
Mugikortasun zinegotzi Jon Albizuk azaldu du udal arautegi berri bat egin dutela egoiliar eta langileen mesedetan. Ikasleentzat hirugarren tarifa bat finkatu dutela nabarmendu du, autoz datozen bidaiarien kopurua kontutan hartuta. Loiolako Erriberan TAO sistema ezartzearen alde ez daudela argitu du, Loiolan eragin ditzakeen ondorioak lehenago aztertu gabe, baina beste neurriak hartzeko baldintza hori onartu behar izan dutela jakinarazi du.
PPko ordezkari Iñigo Arcauz oso pozik azaldu da akordioarekin, eta donostiarren alde egiteko bada, argazkia edonorekin egitea ez zaiela axola esan du. Hori bai, esan du unibertsitateetatik TAO kentzearen aldekoa ere direla, baina udaleko zerbitzu teknikoek hori ez dutela ikusten.
EAJko ordezkari Martin Ibabe ere baikor azaldu zda, nahiz eta akordioa lehenago etorri behar zela esan. PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gascok, ordea, PP kritikatu du. «Urteak TAOaren kontra, eta orain alde», esan du.