Lana Euskaraz egitasmoko aurkezpena (Argazkia: K. M.)
Euskara ezagutzen ez zuten zortzi ikaslek euskara lan tresna modura ikasi dute, eta abenduan lan-praktiketan jartzeko aukera izango dute.
Banaiz Bagara elkarteak Lana Euskaraz egitasmoa aurkeztu du gaur goizean. Hainbat erakunderen laguntzarekin, lan munduan euskara normalizatzeko bide berria izatea nahi dute.
Ekimenak, euskaraz ez dakiten hainbat lagunek, euskara lan mundura begira ikasi eta ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izatea du helburu. Horretarako, azaroan euskara ikastaroak jaso ondoren, Gabonetan hainbat herritan euskarazko produktuak saltzeko postuak jarriko dituzte. Ikasleak bertan arituko dira lan-praktiketan.
Banaiz Bagara elkarteko Petra Elserrek, proiektua zabaltzeko nahia dutela azaldu du; “euskara lanaren bitartez ikasteko eta erabiltzeko aukera gehiago sortu nahi ditugu, formatu hau beste sektoreetara zabalduz”, esan du.
Ekimenaren laguntzaileak, Berria, Katxiporreta, Kontseilua eta Elkar Argitaletxea izan dira, eta diruz, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak lagundu dute.
Aurten zortzi izango dira ikasleak, eta Gipuzkoa, Burgos, Kolonbia, Maroko, Argentina eta Ekuadorrekoak dira. Larunbatean, Kontseiluak deitutako manifestazioan jarriko dute postua Donostian eta igandean, Bulebarrean egingo den artisau azokan egongo dira.