San Telmoko finala helburu
Euskararen Ginkanaren bigarren ekitaldiari ekingo diote datorren astelehenean, Euskararen Nazioarteko Egunaren etorrerarekin; sariak lehen faseko hamar onenen artean egongo dira jokoan.
Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dute datorren astelehenean. Data esanguratsu horren etorrerarekin, Euskararen Ginkanaren bigarren ekitaldia abian jarriko du Kutxa Ekoguneak, Topagunearen eta Donostiako Udalaren laguntzarekin, euskaraz eta euskararekin ondo pasatzeko helburuarekin.
Iazko edizioaren arrakasta eta gero, aurten zenbait berritasun izango dira lehiaketan. Aurtengo galderak eta probak, esaterako, ez dira soilik euskarara mugatuko. Hain zuzen ere, inguruneak eta ekosistemak euskaran eta beste hizkuntzengan duten eragina izango dute hizpide; hizkuntza-ekologia, alegia.
Berritasun gehiago izango dira, horietako bat sariei dagokienez; lehiaketaren irabazlearen eskualdeko euskalgintza proiektu baterako hiru mila euroko laguntza emango du Ekoguneak. Aipatutako proiektua Topagunearekin adostuko dute. Horrekin batera, iaz bezala, lehenengo hirurek sari bana etxeratuko dute; bizikleta elektriko bat, asteburu pasa landetxe batean bi lagunentzat eta produktu ekologikoekin egindako afaria bi lagunentzat, hurrenez hurren.
Urtarrilaren 21a arte
Banakako lehiaketa izango da, eta 1997 edo lehenago jaiotakoek parte har dezakete. Parte hartzeko ezinbestekoa da Euskararen Ginkanaren webgunean –euskararenginkana.net– izena emateko formularioa ongi betetzea.
Lehiaketak bi fase izango ditu. Lehen fasea abenduaren 3an abiatu eta urtarrilaren 21ean, 12:00etan, amaituko da. Fase honetan astero argitaratuko diren probak eta asmatu beharreko galderak, euskaraz izateaz gain, hizkuntza-ekologiarekin lotuak izango dira.
Behin Euskararen Ginkanaren webgunean izena eman ondoren, lehiakide bakoitzak posible izango du bere txokoan sartu eta une horretara arte argitaratuta dauden galderak erantzun edo aurretik emandako erantzunak aldatzea. Proba eta galdera guztiak aipatutako webgunea eta Ekogunearen sare sozialetako profilen bidez hedatuko dira.
Lehiaketaren lehen fasean proposatuko dituzten probek eta galderek ez dute loturarik izango euren artean. Edozein momentutan erantzuteko parada izango da, lehiaketaren azkeneko eguna baino lehen. Ez da beharrezkoa izango proba bat gainditzea hurrengoak egin ahal izateko.
Lehen faseko galdera eta proben emaitza ez da emango fase hau amaitu baino lehen. Proba eta galdera bakoitza gainditzean edo zuzen erantzuterakoan puntu batzuk irabaziko dituzte lehiakideek. Puntu kopuru hori aldagarria izango da proba batetik bestera, proba bakoitzak duen zailtasunaren arabera.
Lehen fasea amaitzerakoan puntu gehien dituzten hamar lehiakideak, otsailaren 9an, San Telmo Museoan egingo duten finalerako sailkatuko dira.
Finalerako sailkatzeko lehiakide ezberdinen artean puntu berdinketa egonez gero, zozketa egingo dute. Finalean hainbat proba proposatuko dituzte eta guztiak azkarren asmatzen dituena izango da lehiaketaren irabazlea. Iaz 300 lehiakide baino gehiagok hartu zuten parte Euskararen Ginkanan, eta Aitziber Mindegia errenteriarra izan zen irabazlea.



