Topoaren lanei jarraipena egiteko batzorde ez iraunkor bat osatuko dute
Udalbatzarrean, udal talde guztiak ados jarri dira Topoaren lanei jarraipena egingo dien batzorde ez iraunkor bat osatzeko garaian. Hori bai, ikuspuntuak oso desberdinak izan dira, proposamena aho batez onartu arren. Udal gobernuak Eusko Trenbide Sareak ez diela lanen xehetasunen berri eman kritikatu du berriro. «Ez da normala, egitasmoa esleitu aurretik, udalak proiektuari buruz ezer ez jakitea», berretsi du Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotzi Nora Galparsorok.
EAJko bozeramaile Eneko Goiak ere informazio falta kritikatu du. «Herritarren pare gaude; ez dakigu ezer egitasmoari buruz. Erantzunak baino, galderak ditugu egiteko», esan du.
PPko bozeramaile Ramon Gomezek udal gobernuak iragarritako «kaosa» ez dela gertatuko ziurtatu du. «Lur azpian, 20 metrora, egingo dira obrak. Obren eta Metroaren sarreretan bakarrik izango du eragina. Ez da kaosik egongo. Bilbon egon al zen halakorik?», nabarmendu du.
PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gascok, azkenik, eraikitzeko batzorde bat izatea espero duela esan du; «irain egiteko ez dadila izan», erantsi du.