Irudian, ezkerretik eskuinera, Donostiako Movember taldeko kide batzuk: Amaia Gonzalez, David Gonzalez, Guillermo Gutierrez, Maialen Fernandez eta Irati Gonzalez.
Hil honetan ohi baino bibote gehiago ikusi badituzu, ez harritu. Batzuek, modan dagoelako utziko zuten hazten; beste batzuek, ordea, Movember ekimenarekin bat egiteko
Gizonen osasunari «aurpegia aldatzeko» sortutako ekimena da Movember. Urtero, azaroaren lehen egunean, gizonak bibotea hazten uztera deitzen dituzte. Horregatik jarri diote ingelesezko November (azaroa) eta Moustache (bibotea) hitzekin osatutako izena.
Funtsean, prostata minbizia eta gizonen gaixotasunen inguruko sentsibilizazio kanpaina bat da. Bibote deigarrien bidez, jendearen arreta bereganatu, eta kanpainaz hitz egitea da helburua. Sare sozialetan, esaterako, milaka erabiltzailek euren ohiko abatarra kendu eta bibote bat jarri dute azaroan.
Beraz, hil honetan zure inguruan bibotea hazten utzi duen gizonen bat ezagutzen baduzu, badakizu zergatik izan daitekeen.
Ekimena Melbournen (Australia) hasi zen, 2003an. Berrogei pertsonek osatu zuten lehen taldea, eta haren ondotik munduan milaka lagunek eman diote babesa mugimenduari. Gutxienez 21 herrialdetan sortu dituzte kanpainaren aldeko taldeak
Donostian ere Movember mugimenduarekin bat egin dute; eta aurten talde bat osatu dute. Hamalau kide dira: Guillermo Gutierrez, Txomin Jauregi, David Gonzalez, Andoni Beriain, Jon Elzo, Amaia Gonzalez, German RC, Carlos Iturrarte, Jona Martin, Nekane Aranbilet, Maialen Fernandez, Jon Bora, Iker Celorrio eta Irati Gonzalez.
«Gizonen gaixotasunen inguruan normaltasunez hitz egitea eta mediku azterketak egitearen beharra plazaratu nahi du mugimenduak», azaldu du Irati Gonzalezek. «Bularreko minbiziaz normaltasunez hitz egitea lortu dugu; prostata minbiziaz ez. Eta urtero jende asko hiltzen da; espainiar estatuan ia 6.000 gizon. Egunero, 50 kasu berri atzematen dira», ohartarazi du Gonzalezek.
Gizonek zer egin behar dute kanpainarekin bat egiteko? Oso erraza da. Hilaren hasieran bizarra moztu, eta bibotea hazten utzi behar dute; eta Movember.com webgunean izena eman. Emakumeek ere parte har dezakete, haien bikotekideari edo senideei babesa emanez. Dirua ere man daiteke, kanpaina zabaldu eta egitasmoaren berri eman ahal izateko. Donostian 400 euro inguru biltzea lortu dute.
Bibotedunak bakarrik ez
Gaur gauean Movemberren aldeko festa prestatu dute. Be Bopen elkartuko dira 22:00etan. Bibotedunak bakarrik ez, edonor joan daiteke festara, eta sarrera doan izango da. Gainera, Miss eta Mr Movember sariak emango dituzte.
Izan ere, emakumeek ere festan parte har dezakete: bibotea jarrita; edo bibotedun baten eskutik mozorrotuta joanda. «Jarrera, jantziak eta bibotearen estiloa garrantzitsua izango da saria lortzeko».
Pixkanaka, abiada hartu nahi du Donostiako taldeak: «Kanpaina zabaldu nahi dugu hirian, eta kide gehiago lortu. Iaz bi kidek bere kasa egin zuten egitasmoaren alde, eta guk haiekin bat egin dugu. Aurtengoa entsegu moduko bat izan da».
Hurrengo urterako, besteak beste, aurpegi ezagunen laguntza lortu nahi dute, Movember ekimena indartzeko eta plazaratzeko asmoz. Kirol arloan ekimena ezaguna dela esan du Gonzalezek: «Edurne Pasabanek parte hartu du; eta Gipuzkoako hainbat errugbi taldek ere bai».