Etxebizitza, osasuna eta familia lagunduko ditu Caritasek
Gipuzkoarren elkartasunarekiko konfiantza osoa du, eta milioi bat euro aurreratuko du.
Krisiak bertako egoerei begira egotera behartu du Caritas, beti ere, nazioartea ahaztu gabe. Lehentasuna izango dute etxebizitzarako laguntzek, haurdun daudenek, osasun laguntza behar dutenek edo nazioarteko lehentasunezko beharrek.
Caritasek Gabonetako kanpaina aurkeztu du. Pobreziak aurpegi berria du lelopean, krisiak Gipuzkoan bertan izan duen eraginaz ohartarazi nahi izan du eta elkartasunera dei egin du. Horretarako laguntzak jaso aurretik milioi bat euro aurreratuko dituzte, gipuzkoarrengan konfidantza osoa baitute. Gabonetako aparteko ordainsaria Laguntzeko moduak hainbat izan daitezkeela azaldu du Donostiako Elizbarrutiko Gotzain Jose Ignacio Munillak. Bankuetan, parrokietan edo Caritasen bulegoetan bertan egin daitezkela diru laguntzak. Bestetik, gogorarazi du, uztailean abian jarritako kanpaina, non gabonetako aparteko ordainsaria edota lanegun baten ordainsaria ematea proposatu zuten. Azkenik, azpimarratu du, familia moduan krisiari aurre egin behar zaiola; “familia are eta handiagoa, elkartasun handiagoa”, esan du. Izan ere, gotzainaren ustetan familia txikiak berekoiagoak dira.