
Aizpea Goenaga (Etxepare Institutua), Edurne Ormazabal (Eitb.com) eta Sancho Rodriguez (Surfilm Festibal).
Etxepare Institutuak, Donostiako Surfilm Festibal jaialdiarekin elkarlanean euskara mundu osora zabaltzeko kanpaina berria prestatu du.
Surfeatu ezazu euskararen olatua lelopean euskal hizkuntza munduko itsasertz guztietara heltzeko deia egin dute. Etxepare Institutuko zuzendari Aizpea Goenagak azaldu du euskal kostaldeko olatuak eta euskara lotu dituztela egitasmo honetan: “Euskara beste eremu batzuekin lotu izan nahi dugu, eta ez arlo akademikoarekin soilik”. Sancho Rodriguez Surfilm Festibaleko zuzendariaren ustez, “helburua mundu guztiarengana iristea da, batez ere jende gaztearengana”. Kanpainaren spotean munduko hainbat surflari agertzen dira euskaraz hitz egiten, baita Aritz Aranburu zarauztarra ere.
Euskara zabaltzeko hainbat bide berri hartu ditu Etxeparek. Batetik,
Korduroy.tv surf telebistan euskarari buruzko zenbait programa emango dituzte. Bestetik, Cyrus Sutton zinemagile estatubatuarra euskal kostaldera ekarriko dute hurrengo urtean; eta bertan hiru film labur egingo ditu. Euskal surfa eta euskal surflariak izango ditu protagonista; eta euskara izango dute ardatz.