
Aizpea Goenaga, Juan Karlos Izagirre eta Fernando Bernues Mintzanet erabiltzen ausartu direnetako batzuk izan dira, gaur goizeko aurkezpenean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
San Telmo Museoan, behin Mintzodromoa bukatuta, Mintzanet aurkeztu dute. Azken batean, Mintzalaguna ekimenaren antzeko zerbait da; euskaraz hitz egiteko tresna bat da, Internet bidez erabiltzen da. Skype sisteman oinarritua dago
Mintzanet, baina sortu duten oinarriari esker, bertan topo egingo dute euskara praktikatzeko gogoz dabiltzan lagunek. Donostian abiatutako proiektua da, baina Donostiatik kanpo eta Euskal Herritik kanpo bizi direnek ere erabil dezakete. Helburua, euskaraz hitz egitea baita.
Elkarrizketa beti biren artekoa izango da, batetik, euskara erabili nahi duen bat egongo da, bidelaria, eta bestetik, euskara menperatzen duen norbait, bidelaguna. Hala, euren datu batzuk eman ostean, adina, gogoko gaiak… Moderatzaile batek bikoteak osatuko ditu, eta elkarrekin harremanetan jartzeko moduan egongo dira.
Mintzanet, Mara Mara euskara zerbitzu enpresak bultzatutako proiektua da, eta Donostiako Udalaren Euskara sailaren laguntzarekin sortutakoa. Gainera, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartea, Topagunea eta Etxepare Institutua izango ditu bidelagun.
Mintzanet jada abian da, interesa duen edonork erabiltzako moduan.