Aurkeztu dute 'Tomaxi', Santo Tomas eguneko erregina
Gustura ibili da ‘Tomaxi’, kameren aurrean hara eta hona.
Eguraldi txarra dela eta, Tomaxi txerriak ez du ohiko aurkezpen paseotxorik egiterik izan, baina gustura atera da ukuilutik prentsaren aurrean azaltzeko.
Iazko Felixi bezain ederra da, baina Tomaxi biziagoa da eta nortasun handikoa. Bera izango da Santo Tomas eguneko erregina, eta halaxe zaintzen du Kristina Saralegik Leitzako Arro baserrian. “Mimo guztiak Tomaxirentzako izaten dira azken aldian, nahiko jana eta azpia beti garbi”, dio Saralegik barrez.
Gaur ezagutu dugu Tomaxi txerria, eta hemendik aurrera jan eta lo beste lanik ez du izango, Santo Tomas egunean dotore dotore egoteko Konstituzio plazan.


