Marraz(i)oak tailerretik sortutako bi liburu argitaratu ditu Ereinek
Marraz(i)oak tailerra antolatzeari ekin zion Galtzagorri Elkarteak duela lau urte. Bertan, idazleak eta marrazkilariak elkartzen dituzte, eta bikoteka, lan bereziak sortzen dituzte. Ipuin traidizionalak izan ditu oinarri duela gutxi bukatutako tailerrak, eta hortik sortutako bi proiektu liburu bihurtu dira Erein argitaletxeari esker, Marraz(i)oak sailaren barnean. Txomin Enean bizi den Juan Luis Zabala idazleak Mozoloaren bakardadea sortu du, Begoña Durruty ilustratzailearen laguntzarekin. Zabalak haurrentzako osatutako lehen lana izan da. Yolanda Arrieta idazleak, berriz, ‘Basajaun eta Martin’ idatzi du, eta Maite Caballero antiguatarrak ilustratu du. Caballerok Bartzelonan egin ditu ikasketak eta ilustratu duen lehen liburua da honakoa. Lau sortzaileak ostegunean Durangoko Azokan izango dira, Ahotsenean, 17:00etan, Marraz(i)oak sailaren inguruan azalpenak emanez.

