‘La construccion del Enemigo’ liburua argitaratu dute donostiarrak eta italiarrak elkarrekin

Liburua idatzi duten Iñaki Egaña donostiarra eta Giovanni Giacopuzzi italiarra. (Argazkia: Estitxu Zabala)
La construccion del enemigo; ETA a la vista de España 2010-2012, izenburu horixe jarri diote Iñaki Egaña historialari donostiarrak eta Giovanni Giacopuzzi idazle eta kazetari italiarrak elkarrekin osatu berri duten liburuari. Txalapartak argitaratu du liburua, eta atzo goizean aurkeztu zuten. Egileek zehaztu zutenez, euskal gatazkaren inguruko lana da, eta bereziki azken bi urteotako gertakarietan sakondu dute. Liburuaren izenburuak berak dioen moduan, beraien ustez estatuek sortutako «etsaiaren eraikuntza» landu dute; ETAk indarkeria armatua utzi duen arren, oraindik ere estatuek «etsai nagusitzat» jartzen jarraitzen dutela uste baitute.
Hogei urte igaro dira Egañak eta Giacopuzzik elkarrekin Txalapartaren eskutik lehen liburua idatzi zutenetik, Los dias de Argel izenburupean. Ordukoan, ETAk eta Espainiako gobernuak Argelen bertan izandako elkarrizketen inguruko informazioa plazaratu zuten. Ondoren, elkarrekin beste proiekturen batean ere aritu dira donostiarra eta italiarra, eta laguntasunera iritsi dira. Egañak berak onartu zuen Giacopuzzirekin batera lan egin ahal izatea ohorea dela beretzako, euskal gatazkaz gehien dakienetako bat baita Europa osoan. Gainera, italiarraren memoria ezinhobea azpimarratu zuen. Italiarra ere pozik agertu zen Egañarekin lan egiteaz, eta liburua nondik nora sortu zen azaldu zuen: «Albisteen inguruan izan genituen eztabaiden ondorioz sortu zen libururako gaia».
2010eko irailean, ETAk ekintza armatuak behin betiko etengo zituela iragarri zuen; 2011ko urriaren 20an bukatu zen prozesua, komunikatu baten bidez armak utziko zituela adierazi zuenean. Denbora tarte horretan eta ondoren, Estatu espainolak «etsai bera» elikatzen jarraitu duela uste dute. «Gatazka guztietan egiten dute etsaiaren eraikuntza alderdi indartsuenek. Kasu honetan, estatuak izan dira eraikuntza hori egin dutenak», gehitu zuen italiarrak.
Hala, kutsatutako informazio kasuak azaleratzen ditu liburuak. Batetik, kasu historikoak, eta bestetik, estatu batek eta horren komunikabideek beren asmoak lortzeko errealitatea manipulatu dutela erakusten duten adibideak. Aurkezpenean, Ezker Abertzaleak 2009an osatutako Bateragune kasuaz aritu zen Giacopuzzi: «2009an Bateraguneko bost lagun atxilotu zituzten eta oraindik kartzelan jarraitzen dute. Arazoak konpondu nahiko lituzkeen estatu batek beste modu batera jokatuko luke».
Hiru zati handi, 58 atal
Egañak azaldu zuenez, liburua hiru zati handitan banatu dute; teoria, historia eta azken bi urteak. Lehen bi sailetan, historian atzera egin dute, hainbat kontzeptu lantzeko. Azken zatian, berriz, 2010-2012 urteetan murgildu dira, Bateragune auzian hasi eta aurtengo urriaren 21ean Eusko Legebiltzarrerako egindako hauteskundeekin bukatzeko. «Pixkanaka estatuek bultzatutako etsaiaren eraikuntzak indarra hartu du azken bi urteetan», azpimarratu zuen Egañak. «Liburu honek errealitate kontrajarri bat erakutsi nahi du. Bestearen onarpena egotea pauso handi bat izango litzateke», aipatu zuen Giacopuzzik.
Argitalpena
- Izenburua. La conscruccion del enemigo; ETA a la vista de España.
- Egileak. Iñaki Egaña (Amara, 1958) eta Giovanni Giacopuzzi (Trento, Italia, 1958).
- Argitaletxea. Txalaparta.
- Orrialde kopurua. 330.
- Egileak. 19 euro.