Bisitarien begirada guztiak bereganatu ditu hildako baleak
Asturiasko Luarca herriko Txibi Erraldoiaren Museoak interesa azaldu du animalia eskuratzeko
Abenduko zubiaren hasierak ezustea ekarri du Donostiara; balea bat hilda agertu zen atzo Kontxako hondartzan. Balea herenegun ikusi zuten badian, eta atzo hondartzara iritsi zen, gaixotasunak jota, bertan hiltzeko.
Eguraldi onak lagunduta, eta pertsona askorentzat jai eguna izanik, jende ugari zebilen Kontxako hondartzan; hiria bisitatzera etorri ziren hainbat turista, barne. Herritar asko ere hurbildu ziren hondartzara, batzuk eguzki izpiak aprobetxatuz paseoan ibiltzeko eta beste batzuk balea bertatik bertara ikusteko.
Udaltzaingoak lokarriz hesitu behar izan zuen gunea jendearen joan-etorria zaintzeko. Komunikabideak ez ziren bakarrak izan irudiak jasotzen; bertan ziren ikusleek ere argazkiak atera zituzten, eskuko telefonoen edo argazki kameren bitartez.
Udaltzaingoak ez zion jendeari gehiegi hurbiltzen utzi, «infekzioak ekiditeko», udaltzain batek arrazoituta. Izan ere, gaixotasun batek jota hil baitzen balea eta, hala izanda, nahiago izan zuten neurriak hartzea, kasu hauetan gaixotasuna kutsakorra izateko arriskua baitago.
Hain zuzen ere, 11.50ean zendu zen balea. Gaixotasunak erabat ahuldu zuen itsasoan zela; hortaz, babes bila etorri zen Donostiako badiara. Azalean odola zuen, arrokek eta hondarrak eragindako zauriengatik.
Hamabost metroko luzera eta zortzi eta hamar tona bitarteko pisua du baleak, izan beharko lukeenaren erdia; gaixotasunaren ondorioz pisua galdu zuen. Aquariumeko kideek herenegun Irutxuloko Hitzari aurreratu bezala, balea rorcual arrunta bat da, munduko bigarren espezie handiena.
Goizaldean
Balea hondartzan hilda zegoela jakin bezain pronto, Ambar elkarteko, Donostiako Udaleko eta Aquariumeko ordezkariak joan ziren Kontxara. Behin-behineko Babes Zibileko zinegotzi Javi Vitoria eta Hirigintza zinegotzi Ricardo Burutaran bertaratu ziren, besteak beste. Protokoloa abian jarri eta gero, udalak tona askoko bi garabiren bidez balea altxatzea erabaki zuen, kamioi batean sartzeko. Joan den goizaldean aurreikusita zuten lan hau egitea.
Bi aukera dituzte esku artean balea lekuz aldatzeko; udal lursail batean lurperatzea edo Asturiasera eramatea, Luarcako Txibi Erraldoiaren Museoak animalia eskuratzeko interesa azaldu baitu. Zailtasuna, baina, animalia lekuz aldatzeko behar diren baimenak lortzeko orduan dagoela jakinarazi du udalak.