«Pena da zerbait eskuz egin dezakezunean hura erostea»
Irudimena eta ingurumenaren aldeko apustua egiten dute Birzikletak elkarteko kide Tolanda Extremerak eta Maider Mendinuetak. Hondakinei beste erabilpen bat ematen saiatzen dira eta plastiko ontzi edo oihalekin, kasu, apaingarriak sor ditzakete. Geroz eta gehiago direnez, egoitza lortu nahi dute Donostian.
Hondakinak berrerabiliz belarritakoak, diru zorroak eta beste hamaika eskulan egiteko gai dira Birzikletak elkarteko kideak. Ingurumenarekin oso kontzientziatuta daude, eta artea eta irudimena ez zaie falta. Donostian egoitza bat lortzea dute xedetzat, izan ere, geroz eta lagun gehiago baitira.
Nolatan egin zenuten bat Birzikletak taldearekin?
Maider Mendinueta (M. M.): Hasieran hiru neska elkartu ziren: Maria Arozena, Inma Rivadeiga eta Leire Orella. Inmak ia 15 urte zeramatzan hondakinak berrerabiliz gauzak egiten. Nik Mariaren dendan bitxigintza praktikak egin nituen eta, elkartearen berri eman zidanean, eurei elkartu nintzen. Dena berrerabiltzen saiatzen naiz eta asko gustatzen zait apaingarriak egitea, oihalekin, adibidez.
Yolanda Extremera (Y. E.): Ni Maiderrekin aritzen naiz bitxigintzan, eta berak eman zidan elkartearen berri. Oso gogoko dut gure jarduna. Soberan dugun guztia berrerabili egiten dugu, ez dugu botatzen. Azken finean, milaka traste ditugu etxean, eta pena da zerbait eskuz egin dezakezunean, hura erostea.
Honenbestez, bitxigintza zilar edo urrearekin egin beharrean egunerokotasunean sortutako hondakinekin egiten duzue.
Y. E.: Bata ala bestea artisautza dira, eta batez ere, sorkuntza. Ez du axola materiala zilarra ala plastikoa izatea.
M. M.: Jendeak ulertu behar du zerbait bota aurretik beste erabilpen bat izan dezakeela.
Y. E.: Esaterako, Guardetxean elkartearen aurkezpena egin genuenean ia dekorazio guztia egiteko plastikozko ontziez baliatu ginen.
Zeintzuk dira gehien erabiltzen dituzuen materialak?
M. M.: Oihalak, larrua, botoiak, haria, kautxua, brik ontziak, latetako txapak, bularretakoen tirak…
Y. E.: Botilen tapoiak, beira ontziak, plastikoa… Nespresso-ko kapsulekin ere jende askok bitxigintza egiten du, eta oso gauza politak ikusi ditugu.
Hondakinak ikusi ahala, ideiak bururatzen al zaizkizue?
Y. E.: Niri batzuetan kaletik noanean pasatzen zait; zerbait ikusi eta «honek honetarako balio dit eta honek besterako» pentsatzen dut, eta patrikan sartzen dut. Dena dena, jendea ez dadila izutu; ez dugu gauza arraroegirik erabiltzen, eta guztia oso ondo garbitzen dugu, ondoren lantzeko prest egon dadin.
M. M.: Jende askok ematen dizkigu gauzak, baina ezin dugu jaso ematen diguten guztia, jakina. Gauzak pilatzen joateko egoitza bat behar duzu, eta hori da gaur egun ez daukaguna.
Zein ekimenetarako baliatu nahi duzue egoitza?
Y. E.: Biltzeko, tailerrak egiteko, erakusketak antolatzeko eta abar. Hala gure jarduna hobeto zabaldu ahal izango dugu. Orain, hainbat egitasmotan parte hartzen ari gara, eta elkarte batentzat oso garrantzitsua da bere bilgune fisikoa izatea. Gure hurrengo erronka lokal batekin egitea da.
Tailerrak antolatu izan dituzue jada. Nolakoak izan ohi dira?
Y. E.: Oso dibertigarriak. Izena eman ohi duen jendea gogoz etortzen da eta hori nabaritu egiten da. Guk zerbait egin eta eurek beren kabuz egin dezaketela konturatzean poztu egiten dira. Gainera, tailerrean aritu eta gero, beren objektua daukate, beren saria.
Azoketan eta bigarren eskuko merkatutan ere izan zarete.
M. M.: Ahal dugun guztietan parte hartzen dugu, baina, udaran, etenalditxo bat egon ohi da.
Halakoetan zerk eduki ohi du arrakasta gehien?
M. M.: Batez ere, materialarengatik arreta deitzen duten gauzek; esaterako, kautxuzko gerriko eta zorroek. Haurrak, berriz, brik ontziekin egindako diru zorroekin zoratzen dira.
Haurrek gustuko al dute hondakinekin eskulanak egitea?
Y. E.: Akuilatuz gero, haurrek edozer gauzarekin pasatzen dute ondo. Lehen kromo kaxa bat apaintzen ondo pasatzen genuen, baina egungo kontsumo azkarraren kulturan horrelakoek ez dute lekurik, eta hori tristea da.
M. M.: Baloiarekin bote-botera edo beste zerbaitetara jolastu beharrean, bideojoko edo sakelekoarekin aritzen dira denbora guztian.
Y. E.: Guk sormena eta entretenimendua bultzatzen ditugu bereziki; hain zuzen ere, sormenean oinarritutako heziketa bat, azken buruan.
Zer esango zeniokete jendeari mugimenduarekin bat egin dezan?
Y. E.: Beste ohitura batzuk hartzeko; sortzen oso ondo pasa dezaketela. Gure aiton-amonek betidanik berrerabili izan dituzte etxean gauzak, eta hein batean, horretara itzultzean datza. Egiteko milaka gauza daude. Adibidez, jostontzi bat behar dudala; ba erosi beharrean, gaileta kaxa bat hartzen dut, papereztatu egiten dut eta eranskailuak jartzen dizkiot. Oso dibertigarria da eta buruari eragiteko primeran dator.
Egun, berrerabiltzeko ohitura galdu al dugu?
Biak: [Aho batez] Bai.
Y. E.: Gaur egungo kultura ‘erosi eta botatzean’ oinarritzen da. Lehen, agian lehengusuen arropa ematen zizuten, baina gaur egun, arropa botatzeko edukiontziak gainezka daude eta badirudi soberan dugula. Egia da, errazagoa dela zerbait erostea zuk egitea baino, baina eskumuturreko bat erosten dugunean, adibidez, beste 30.000 lagunek berdina daukate. Zuk zeure kabuz egiten baduzu, bakarra da eta eskuz egina, eta horrek balio erantsia dauka.
Ingurumena zaintzearekin kontzientziatuta zaudete; haren aldeko zein neurri gehiago hartu ohi dituzue?
Y. E.: Hondakin gehiegi ez sortzen saiatzen gara. Adibidez, batzuetan supermerkatura joaten zarenean erosketak egin eta bolumen bera duzu produktuetan eta estalkietan. Askotan, yogur batzuei, esaterako, ontziaz gain, kartoizko bilgarri bat jartzen diete eta, gainera, helduleku bat jartzen diete. Horrela, hondakin gehiegi sortzen dituzte. Halakoak denda biologikoetan ere ikusi izan ditut, eta oraindik min gehiago ematen dit, izan ere, denda horietan tratamendu kimikorik gabeko produktuak saltzeaz gainera, ingurumenari erreparatu beharko liokete, eta zerbaiten kilo erdi emateko kartoi eta plastiko mordoa erabiltzeari utzi.