Alderdi guztiek bat egin dute, indarkeriaren biktimak omentzeko
Alderdi Ederren dagoen biktimen oroitarrian ekitaldi bat egin dute. Bertan, lore bana utzi dute alderdi bakoitzeko ordezkariek.
Atzo egindako omenaldian, Bilduko ordezkariak bakarrik izan ziren. Gaurko omenaldian ordea, udaleko lau alderdiek hartu dute parte. Politikariez gain, hainbat lagun bildu dira bertan, esaterako, Gorka Landaburu kazetaria, Santi Oleaga, Diario Vasco egunkariko zuzendaria zenaren alargun Amaia Guridi eta Alberto Soliño musikariaren alargun Maria Isabel Gonzalez. ETAk hil zuen Oleaga, eta Guardia Zibilak Soliño.
Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna da gaur, eta gaurko egunez egin diete omenaldia indarkeriaren biktimei. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak nabarmendu du “gutxieneko adostasun bat” lortu dutela “biktima guztiak” oroitzeko, eta gaineratu du herritarrek eskertu egiten dituztela horrelako keinuak.
Lore bana utzi dituzte oroitarrian lau talde politikoek. Halaber, “terrorismoaren” biktimei beste lore sorta bat utzi die PPk.