Mari Domingi bisitan etorri da
Olentzeroren laguntzailea, Mari Domingi, ikastetxez ikastetxe ibiliko da egun hauetan.
Etxeko txikienak irrikaz badaude ere, oraindik egun batzuk falta dira Olentzero etortzeko. Ikazkinaren laguntzailea, Mari Domingi, ordea, hasi da dagoeneko Donostiako ikastetxeak bisitatzen. Menditik hirirako bidaia neketsuan, Aieteko Azkaratene ikastetxean egin du bere lehen geldialdia.
Alaia eta goxoa da Mari Domingi. Inork baino hobeto ezagutzen du Olentzero, eta ederki daki zein atsegina eta eskuzabala den. Horregatik, gustura kontatu die bere istorioa haurrei: «Ni mendian bakarrik bizi nintzen neskatila behartsua nintzen. Ikatza banatzen nuen etxez etxe, guztiek izan zezaten suaren berotasuna. Herriko jende aberatsak, ordea, barre egiten zidan, nere gona zaharragatik. Egun batean, Olentzeroren bisita jaso nuen, eta mesedetxo bat eskatu zidan: zabal nezala bere berri, oihuka nezala ozen ikazkina laster hasiko zela opariak banatzen», kontatu die Mari Domingik haurrei.
Mezua zabaldu zuen herrian, baina herriko jendeak ez zion sinetsi. Ez zuten uste Olentzero bezalako gizon miresgarri batek hura bezalako neska behartsu bat aukeratuko zuenik bere laguntzaile izateko. Hala ere, zintzo bete zuen Mari Domingik bere zeregina, eta gabon gauean berak ere saria jaso zuen. Olentzerok soineko berria oparitu zion, eta bere laguntzaile izateaz gain, berarekin bizitzeko eskatu zion.
Geroztik, Olentzeroren laguntzaile fidelena da Mari Domingi. Ez da nolanahiko lanbidea, eta Aieteko haurrek aho zabalik entzun dituzte bere hitzak.
Lan askoko egunak dira hauek Euskal Herriko bikote misteriotsuenarentzat. Olentzerori opariak prestatzen laguntzeaz gain, abenduaren 19a arte, Donostiako hainbat ikastetxe bisitatuko ditu Mari Domingik.