Txomin-Enean uholdeek kaltetutako gune bat. (Argazkia: Xabier Etxabe)
Uholdeak ekiditeko berritze lanetan aldatuko dira etxez; udalak alokairuak bere gain hartuko ditu
Duela urte bete uholdeek eragindako kalteak jasan zituzten familiei, Morlansen emango diete ostatu lanek irauten duten artean. Donostiako Udala eta Eusko Jaurlaritza etxebizitzen kudeaketaren inguruko akordio batera heldu dira. Urumea arroan uholdeak sahiesteko egin beharreko lanen ondorioz, bertako bizilagunen etxe aldaketen baldintzak zehaztu dituzte.
Hala nola, udalak, Morlanseko etxebizitzen alokairuak bere gain hartuko dituela azaldu du. Alokairuak besteak beste, 150 eta 200 euro arteko prezioa dute. Bestalde, etxebizitzen jabetza udalarena izatera pasatuko da.
Aurreikusita dauden berritze lanetan, hainbat eraikin botako dituzte eta beste hainbat eraiki. Bizilagun guztiak ez dira ordea batera mugituko Morlansera.
Hirigintza zinegotzi Ricardo Burutaranek azaldu du, berritze lanetan, uholdeak sahiesteaz gain, udal gobernuarentzat oso lan garrantzitsua zela. Gogorarazi nahi izan du, 800 etxebizitza eraikitzea aurreikusten dela, eta horietatik erdia, babes ofizialekoa izango direla.
Lehenak urtarrilean
Lehenengo familiak urtarrilean lekuz aldatzea aurreikusten dute. Horiek, Aita Abarzuzako bizilagunak izango lirateke eta guztira, 26 eta 28 familia artean izango dira.
Ondorengo etxe aldaketak, 2014ko apiriletik aurrera egitea aurreikusten dute. Haien errentak ere bere gain hartuko ditu udalak, eta kasuren batean, etxe aldaketa aurreratuko balitz ere, bere gain hartuko dituztela esan du Burutaranek.
Zinegotziak bestalde, gogorarazi du, lehen fasea jada abian dagoela, eta orain bigarrena hastera doazela; «irailean Kristobaldegi komentuko obrak hasteko baimena eman zuen udalak, eremu honetako lehen operazio bilakatuz», esan du.
Komentua, ibai parkearentzat aurreikusita zegoen zonaldean integratuko dute, uholdeak jasan ditzakeen zonalde batean. Orain, atzerago jarriko dute, hegal txikiagoa eraikiz, eta baratzetako batzuk kendu eta hesi bat eraikiko dute.
Bestalde gogorarazi zuen, Txomin-Eneako zubia ordezkatzeko,Uraren Euskal Agentzia URArekin lortutako akordioa ere ezinbestekoa dela.
Burutaranek, egoera ekonomiko honen erdian, udalak eremu honetan egin beharreko lanek udal gobernuarentzat duten lehentasunarekin konpromisoa azpimarratu nahi izan du.
Gainera, Jaurlaritzarekin lortutako akordioa oso garrantzitsua dela esan du Burutaranek. Izan ere, gauzak aurrera doazela, urte hasierarako, eraikuntza lanetako lehiaketarako lehen baldintzak ateratzea aurreikusten dutela azaldu du.