Mari Domingi iritsi da Donostiara
Olentzeroren laguntzailea, Mari Domingi, ikastetxez ikastetxe dabil egun hauetan, gabonen etorreraren berri emateko.
Kaleak apainduta daude, arratsaldetan koloretako argiak pizten dituzte hiriko txoko guztietan, eta haurrak inoiz baino zintzoago dabiltza egun hauetan, badaezpada.
Izan ere, gabonak gainean dira, eta Euskal Herriko ikazkin famatuena laster hasiko da bere zakua opariz betetzen, gero etxez etxe banatzeko.
Txikienak irrikaz badaude ere, oraindik egun batzuk itxaron beharko dute Olentzero ikusteko. Ikazkinaren laguntzailea, Mari Domingi, ordea, hasi da dagoeneko Donostiako ikastetxeak bisitatzen. Menditik hirirako bidaia neketsuan, atzo egin zuen lehen geldialdia Aieteko Azkaratene ikastetxean.
Gabonetako ilusioa
Alaia eta goxoa da Mari Domingi. Inork baino hobeto ezagutzen du Olentzero, eta ederki daki zein atsegina eta eskuzabala den. Horregatik kontatzen die bere istorioa haurrei: «Ni mendian bakarrik bizi nintzen neskatila behartsua nintzen. Ikatza banatzen nuen etxez etxe, guztiek izan zezaten suaren berotasuna. Herriko jende aberatsak, ordea, barre egiten zidan, nere gona zaharragatik. Egun batean, Olentzeroren bisita jaso nuen, eta mesedetxo bat eskatu zidan: zabal nezala bere berri, oihuka nezala ozen ikazkina laster hasiko zela opariak banatzen», kontatu zien Mari Domingik haurrei.
Mezua zabaldu zuen herrian, baina herriko jendeak ez zion sinetsi. Ez zuten uste Olentzero bezalako gizon miresgarri batek hura bezalako neska behartsu bat aukeratuko zuenik bere laguntzaile izateko. Hala ere, zintzo bete zuen Mari Domingik bere zeregina, eta gabon gauean berak ere saria jaso zuen. Olentzerok soineko berria oparitu zion, eta bere laguntzaile izateaz gain, berarekin bizitzeko eskatu zion.
Geroztik, Olentzeroren laguntzaile fidelena da Mari Domingi. Ez da nolanahiko lanbidea, eta Aieteko haurrek aho zabalik entzun zituzten bere hitzak.
Lan askoko egunak dira hauek Euskal Herriko bikote misteriotsuenarentzat. Olentzerori opariak prestatzen laguntzeaz gain, abenduaren 19a arte, Donostiako hainbat ikastetxe bisitatuko ditu Mari Domingik, eta etxeko txikienen jakin mina ase beharko du.
Aieteko ikasleak ez ziren isilik geratu atzo, eta hainbat galdera egin zizkioten: Astoan jeitsi ote zen menditik; non eta zertan geratu zen Olentzero; edo eskatutako oparia prestatu ote zuten.
Gabonak ilusio eta magiaz beteriko egunak dira, ordea, eta ilusio hori da Mari Domingiren armarik eraginkorrena haurrei erantzuteko. Txikienen begietako dizdira eta irrifarra, berriz, oparirik onenak. Zintzoenek, bestelako opari edo jostailuak ere jasoko dituzte. Gaiztoek, berriz, ikatza.
Dena dela, oparirik ederrena ez da paperean bilduta etortzen. Ea aurten Olentzerok zuen etxean ere halakorik uzten duen….