Ondarretako hondartzaren bukaeran, kartzela. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Bihar amaituko da
Ondarreta. Gezalaren kartzela erakusketa. 1936ko gerran eta frankismoaren garaian bizi izan zen errepresioa eta bizimodu zaila islatzen ditu erakusketak. 39 argazki eta beste hainbat elementu daude ikusgai: Ondarretako kartzelako lehen presoak, Abuztuak 31 kaleko kartzela zaharretik etorriak. Baita bisita egun batean, kartzela atarian biltzen zen senitarteko andana ere. Presoek egindako marrazkiak, olerki liburuxkak edo fusilatu aurretik emaztea eta seme-alabei bidalitako eskutitza ere. Ondarretako kartzelan egondako preso batek erabiltzen zuen tapaki zati bat ere badago. Eta baita, senitartekoei kartzelara janaria eramateko erabiltzen zituztenak bezalako saski bat ere. Maiz egin ohi zuten moduan, saskiaren kirten azpian eskutitz txiki bat atzeman daiteke, ondo tolestua, zaintzaileek ikus ez zezaten.
Argazki eta gainerako elementuez gain, hormairudi batean Ondarretako kartzelan egondako ehunka lagunen izenak daude.
Bihar, 18:30etan egingo dute amaiera ekitaldia Aieteko kultur etxean. Bertan izango dira, Aranzadiko idazkaria Juantxo Agirre Mauleon, Juan Karlos Izagirre alkatea, eta erakusketaren arduraduna, Juantxo Egaña. Hauen hitzaldiaren ondoren, Amets Arzallus, Eñaut Elorrieta, Olatz Prat eta Joxan Goikoetxea arituko dira kantuan.