Euskara sustatzen duten 27 elkarteri diru laguntza eman die udalak
Irabazi asmorik gabeko elkarteen artean 29.830 euro banatu dituzte, jarduerak euskaraz antolatzeko
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak 29.830 euro banatu ditu euskara sustatzen duten elkarteen artean. Zehazki, euskarazko jarduerak sustatu dituzten irabazi asmorik gabeko 27 elkarteren artean banatu du diru laguntza.
Deialdia egin zieten, aurten, Euskararen Plan Orokorra garatzeko jarduerak antolatu dituzten elkarteei.
Udal gobernuak aurreko astean onartu zituen diru laguntzak, eta aurtengo aurrekontuari egotzi zaiola azaldu zuten atzo.
Ahalegina babestea
Nerea Txapartegi Euskara ordezkariak adierazi zuen, deialdi honen xedea, elkarteek euskararen normalizazioaren bidean egiten duten lana eta ahalegina babestea zela.
Bestalde, administrazioa eta herri mugimenduen arteko harremanaz ere aritu zen; «administrazio publikoak eta herri mugimenduak elkarlanean aritu behar gara euskara sustatzeko garaian, eta erronka erabilera sustatzea den honetan, horrelako ekimenak eta jarduerak oso lagungarriak dira bide horretan», esan zuen.
Zerrenda luzea
Laguntza jaso duten 27 elkarteak zein ziren azaldu zuten atzo. Zehazki, udal gobernuak luzatutako zerrendako elkarteak honako hauek dira: ADEVE Asociación para la Defensa de las Especies en Vías de Extinción, Antxeta Ttan Ttakun, Arrano Beltza Euskaltokia, Arrano Elkartea, Asociación Taller de Artes Escénicas, Astindari Topalekua, Ciclo Internacional de Cine Submarino, Ereti Zuhaiztiko Gurasoen Elkartea, Euskarak Batzen, Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioa, Eziko, Gimnasia Ritmica Donosti Club, Gukmedia Kultur Elkartea , Harresiak Apurtuz, Helduak Elkartea, Hik Hasi Euskal Heziketarako Elkartea, Ikasbide Kultur Elkartea, Kirikinoa Atseden Elkartea, Lauaizeta Sibila Guraso Elkartea, Loiolako Hontza Kultur Elkartea, Mamur Aisialdi Taldea, Medina Asociación Cultural de Mujeres Musulmanas, Plazara Goaz Intxaurrondoko Euskara Batzordea, Sarroeta Auzo Elkartea, Sexune Elkartea, Tan Ttakun Euskal Elkartea, eta Zurriola Antzerki Eskola.


