Hirian 11.477 langabe daude, azaroan 257 lagunek lana galdu eta gero
2012a amaitzear denean, 1.671 herritar geratu dira lanik gabe urtea hasi zenetik
Langabeziak gora egiten jarraitzen du, Gabonen atarian ere. Lanbideren zerrendetan oinarrituta Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoaren Lan Behatokiak emandako datuen arabera, Donostian 11.477 langabe zeuden abenduaren 1ean; horietako 6.065 emakumeak dira, eta 5.412 gizonezkoak.
Urriko datuekin alderatuta, azaroan 257 donostiarrek galdu dute lana. Datuekin jarraituz, urteko lehen hamaika hilabeteetan, 2012a amaitzeko atarian denean, 1.671 herritar geratu dira langabe. Zenbaki horren bueltan ibiliko da urteko galera. Izan ere, abendua geratzen da oraindik zenbatzeko, eta litekeena da langabe kopurua egonkortzea hilabete honetan; zertxobait jaistea, beharbada. Gabonetan kontratazioak egon ohi dira, eta horrek ez du egoera gehiago okertuko. Hori bai, behin behineko egonkortasun bat izango litzateke, Eguberrien amaierarekin bukatuko litzatekeena.
Altza, txokorik kolpatuena
Sektoreei dagokienez, ohi bezala, Zerbitzuak arloa dago langabeziaren zorigaiztoko zerrendaren lehen postuan, alde nabarmenarekin gainera; 8.578 langabe biltzen zituen azaroan (urrian, 8.397). Industrian 1.164 donostiar daude lanik gabe (urrian, 1.128) eta Eraikuntzan, 916 (urrian, 903). Arrantza eta Nekazaritza arloetan, 124 lagun daude langabe (urrian, 118). Donostiako auzo eta inguruko bazterrei dagokienez, Altza da txokorik kolpatuena, 1.847 langaberekin (urrian, 1.776).
5.593 langabe gehiago
Urte gogorra izaten ari da, zalantzarik gabe. 2011 eta 2012 urteak 9.400 eta 9.800 langabe artean hasi ziren, baina, datuak eskuan, 2013a kopuru hori nabarmen puztuta abiatuko da; esan bezala, 11.400 langabeen bueltan, Gabonetan miraririk gertatu ezean.
Krisi ekonomikoaren eragina 2008an hasi zen azalerazten modu gordinenean. Urte horri 5.884 langaberekin ekin zion Donostiak; horrenbestez, azken bost urteetan, 2012ko abenduko datuen faltan, 5.593 lanpostu galdu dira hirian.



