Oinordekoak
Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior dira, baina jada hamar urteko ibilbidea egin dute
Fernando Ruiz (Txirri), Kattalin Ansorena (Mirri) eta Juanma Zaldua (Txiribiton) lan egiteko gogotsu daude. Pailazo beteranoen azken emanaldien bira honetan hartuko dute lekukoa. Ez dakite nolakoa izango den etorkizuna, baina hari aurre egiteko indarra soberan dutela adierazi du Ruizek. Txiribiton gaztea ekoizpen lanetan hasi zen taldean. Aktore gisa eskarmentu gehien duen kidea da. “Hamar urte eman ditugu Juniorren paperean, pailazogintzan. Orain beteranoak badoaz, eta uste dut oraindik ez naizela horretaz ohartu”.
Kattalin Ansorenak, Mirri beteranoaren alabak, txikitatik jarraitu ditu pailazoen pausoak: “Askotan joaten nintzen. Berdina ikusten nuen behin eta berriz, baina ez nintzen aspertzen”. Mirri bihurtzea, ordea, zaila izan zela aitortu du: “Asko gustatu zait interpretazioa, baina horretan jartzea lotsa ematen zidan. Beldurra eman zidan. Prozesu hori zail samarra izan zen. Entseguak gogorrak izan ziren. Nik 9 urte bete arte lotsarik gabeko bizitza bat izan nuen. Gero ez, lotsa itzuli zen… Eta orain berriz joaten ari da”.
Juanma Zaldua soinu teknikari gisa hasi zen: “Atzean egon naiz beti, txoroarena egiten, eta azkenean niri ere egokitu zait agertokira salto egitea” [Barrez].
Gazteen proiektua beteranoen jarraipena izango dela diote, baina beraiek ere euren prozesua jarraituko dute: “Gure proiektua jada abian da. Orain horri indarrez eutsi behar diogu, batez ere garai zail hauetan. Baina pentsatzen ari gara gauza berrietan. Eta erabaki dugu zerbait berria egingo dugula. Gustatzen zaigu beraiek egin dutena. Eta nahiko genuke hori egiten jarraitzea”. Ea gauza zareten beste berrogei urte egiteko!, “xaxatu die irribarretsu Jose Ignazio Ansorenak.