Ezker eskuin; Marta Casares, Amaia Almirall, Lucio Hernando, Ana Azpiri, Lorenzo Goikoetxea eta Gorka Reizabal, goizeko aurkezpenean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
La arquitectura de Luis Tolosa izeneko liburua idatzi du Ana Azpirik, eta Nerea Argitaletxearen eskutik argitaratu du, Pasaiako Portuko Agintaritzaren eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoaren laguntza ekonomikoarekin. Horren harira, izen bereko erakusketa osatu dute San Telmo Museoan, eta gaur goizean aurkeztu dute. Adituen arabera, 1938-1950 urteen artean Gipuzkoako arkitekturan oinarrizkoa izan zen Luis Tolosa. Donostian jaioa, Tolosan izan zen gaztetan, baina ia bizi osoa Irunen egin zuen, eta bere burua irundartzat zuen arkitektuak. “Azkenean Luis Tolosa eta bere lana merezi duen lekuan jartzea lortu dugu”, aipatu du Ana Azpirik, liburuaren egile nagusiak, aurkezpenean. Erakusketan Tolosak Pasaiako portuan egindako lanaren lekukotza jaso dute, eta bereziki, argazkiak, akuarelak eta maketak bildu dituzte. Erakusketa bihar bertan zabalduko dute, eta otsailaren 8ra arte egongo da ikusgai.