Urrezko Danborra, Donostiako Klasikoarentzat
Donostia Turismok 2013ko Urrezko Danborra nork jasoko duen iragarri du. Administrazio kontseiluak bilera egin du udaletxean, eta erabaki du saria Donostiako Klasikoari ematea.
1981n sortu zuten Donostiako Klasikoa —Marino Lejarretak irabazi zuen orduan—, eta gaur egun mundu mailako egun bateko proba nagusietako da. UCI ProTourreko lasterketa da. “Hiriaren kanpoko irudirako eta hiriaren erakargarritasunerako izugarrizko laguntza izan da”, dio oharrak. “Donostiaren erakusleiho garrantzitsua da, munduko herrialde askotan ikus daitekeen lehiaketa da eta”.
Eskertza moduko bat izaten da Urrezko Danborra, Donostiaren alde egindako lana eta hiriaren izena munduan barrena zabaldu izanari, eta Donostiako Klasikoak jasoko du ikurra, San Sebastian egunean, 2013ko urtarrilaren 20an. Aurrez, ordea, Donostiako Udaleko batzarrak berretsi behar du Donostia Turismok hartutako erabakia. Urteko azken saioan izango da hori, abenduaren 20an.
Zazpi hautagaik zuten Urrezko Danborra jasotzeko aukera. Donostiako Klasikoaz gain, Richard Oribe igerilaria, Loquillo, Vicente Zaragueta, Txillardegi, Madrilgo Jai Alai jatetxeko jabeak eta Joxe Azurmendi idazlea.
Saria jaso dutenen artean gizarteko hainbat alorretako pertsonak daude. Donosti Cup futbol txapelketaren sustatzaile Iñigo Olaizola, La Oreja De Van Gogh musika taldea, Xabi Alonso futbolaria eta Behobia-Donostia lasterketa antolatzen duen Fortuna elkartea dira saria eskuratu duten azkenak, 2009an, 2010ea, 2011n eta 2012an, hurrenez hurren. Haien ondorengoa Donostiako Klasikoa izango da, udalaren azken erabakiaren esperoan.