Diana Krall Jazzaldira itzuliko da
http://youtu.be/12IOjYadxDs
Pharoah Sanders, Dave Douglas, Steve Swallow, Steps Ahead, Hiromi, Youn Sun Nah eta Gregory Porter ere izango dira 2013ko ekitaldian
Hasi dira 2013ko Jazzaldiaren lehen berriak plazaratzen. Uztailaren 24tik 28ra bitartean Donostian izango diren zenbait izarren izenak eman dituzte gaur: Diana Krall, Pharoah Sanders, Dave Douglas, Steve Swallow, Steps Ahead, Hiromi, Youn Sun Nah eta Gregory Porter dira aurrerago osatuko den programaren lehenengo izen garrantzitsuak.
Diana Krallen kontzertua uztailaren 28an izango da, baita Hiromi piano-jotzailearen eta Youn Sun Nah abeslariaren emanaldiak ere. Uztailaren 25ean Steve Swallowen bostekoaren (Carla Bley piano-jotzailea barne) eta Mike Mainieri buru duen Steps Ahed taldearen txanda izango da. Dave Douglasen eta Pharoah Sandersen kontzertuak 26an izango dira. Azkenik, Gregory Porterren emanaldia 24an izango da.
Pharoah Sanders Jazzaldiak hartuko duen jazzaren historikoetako bat izango da. Abangoardiaren abangoardian kokatu zen John Coltrane jenioari lagundu zionean Ascension eta Meditations lanen garaian, eta free jazzaren zirrikituetan sartu zen Albert Ayler, Sun Ra, Cecil Taylor eta Don Cherry aitzindariekin batera. Sanders beti izan da esploratzaile artistiko bat, eta horrela jarraitzen du gaur egun, 72 urterekin.