Intxaurrondo kultur etxea, abiada hartzen
Duela urtebete ireki zituen ateak kultur etxe berriak
Gaurko egunez zabaldu zuten Intxaurrondo kultur etxea, duela urtebete. Balantzea egiteko ordua iritsi zaio orain. Ekitaldi asko eta erabiltzaile asko izan dira, 160.000 pertsona baino gehiago ibili dira zentro honetan. Kultur Etxe berriak zerbitzu berriak eta berrituak ekarri dizkio auzoari: Plus 55 programa, haurtxoko eta gaztelekua eta Donostiako Musika Eskola.
Bertan egin diren kontzertuak nabarmendu dituzte. Guztira 23 musika emanaldi egin dituzte bertan, eta 3.000 pertsona erakarri dituzte musika proposamenek. Nazioartekoak eta bertakoak;, profesionalak eta amateurrak… Askotariko musikariak igo dira taula gainera. Bertakoen artean: Ruper Ordorika, Zea Mays, Inoren Ero Ni, Rafa Rueda eta We are standard. Nazioartetik: The Ex, The Chamaleons, Deertick eta Josh Rouse. Intxaurrondo kultur etxeak hiriko musika mapan duen tokia sendotu nahi dute arduradunek.
Bestalde, liburutegiaren dimentsioak eta fondoaren handitzeak eguneroko erabiltzaile kopurua, zein maileguen kopurua izugarri handitzea ekarri du Donostia Kulturaren ustez. 60.000 mailegu, 2011 baino %140a gehiago orduan 25.000 egin baitziren. 566 bazkide berri, 2011 144. Izugarrizko arrakasta izan du zine atalak eta baita 2000 aleko komiki fondoak ere. Bi literatur solasaldi jarri dira martxan aurten bata Iñaki Urdanibiarekin eta bigarrena Iratxe Retolazarekin.