Jaiotzak eraikitzearen artea
Ostiralean zabaldu zuten Eguberria 2012 Navidad erakusketa Kutxa Boulevard aretoan, eta urtarrilaren 6a arte egongo da ikusgai.
Bibliako hainbat pasarte irudikatuz, kristau Eguberriak deskribatzen dituzten hamabi diorama edo jaiotza itxi daude ikusgai Kutxa Boulevard Aretoan. Gipuzkoako Belenzaleen Elkarteko kideek egin dituzte, eskuz eta jaiotza bakoitzeko elementurik txikiena ere zainduz.
Kartoizko errealitatea
Ordu asko behar izan dituzte Belenzaleen Elkarteko kideek guztia prestatzeko. Jaiotzetako irudiak erosi egiten dituzte, eta beraiek gainerako testuinguru guztia eraikitzen dute: etxeak, zuhaitzak, harriak, belarra, argiak…Pazientzia handia eskatzen duen lana da, eta guztiak ere adinean aurrera badoaz ere, oso gustura egiten omen dute ahalegina.
Ia hiru mila ordu zenbatu ditu Jesus Mari Odriozolak, San Telmo Museoko klaustroa irudikatzen duen jaiotza prestatzeko erabili dituenak. Mertxe Salvatierrarekin batera prestatu du maketa. «Eraikuntza honetan ia sei mila teila egin ditugu banan-banan. Kartoi zati bat hartu, uretan beratu, forma eman eta margotu egiten ditu Mertxek; lan izugarria, 89 urte dituela kontuan hartzen badugu», dio Jesus Mari Odriozolak.
Jaiotza berriak prestatzeaz gain Belenzaleen Elkarteko kideek Gipuzkoa plazan egoten den jaiotzako pertsonaia eta elementu guztiak garbitu eta konpontzen dituzte. Gainera, aurten, lan bikoitza izan dute, 2011ko uholdeetan estilo hebrearreko jaiotza erraldoia hondatu baitzitzaien. Jaiotza honetako irudiek mugimendua dute, eta lan izugarria egin behar izan dute, baina berriro ere dotore dotore dago Kutxa Boulevard Aretoan ikusgai.