Adriana Ibargoien margolaria gaur, Okendo kultur etxean. (Argazkia: N. Lizarralde)
Adriana Ibargoien margolari gazteak (Donostia, 1983)
Nortasunak erakusketa aurkeztu du Okendo kultu etxean. Arte Ederretan lizentziaduna da Ibargoien, eta pintura eskolak eman ditu bere auzoan, Mihise akademian. Groseko egileak azken hiru urtean egindako lana bildu du bertan; 40 kuadro erakutsi ditu. Orain arte egin duen erakusketarik handiena da gaur aurkeztu duena.
Bi atal ditu erakusketak. Lehena, natura hil batzuen bilduma bat da; eta bigarrena, hiri paisaiei eskainitako atal bat.
Nortasunak izenburupean elkartu ditu bi atalak; hori baita koadroek islatzen dutena.
Natura hiletan artistaren nortasuna da protagonista. Emakumeen inguruko gogoeta bati ateak zabaldu nahi izan dizkio. Zer espero du gizarteak egungo emakume batengandik? Emakumeen eguneroko objektuak margotu ditu bertan: ezpain-barrak, esmalteak, perfumeak… Eta 1926ko
The Ladies’ Home Journal egunkariko zatien collagearekin nahastu ditu. Nola izan ama on bat? Nola lortu gazteago izatea? Nola zaindu behar dira seme-alabak? “XX. mende hasieran zer espero zuten emakume batengandik, eta zer espero dute gaur? Horixe izan da nire gogoeta. Asko exijitzen zaigu emakumeoi eta presio handia dugu”, azaldu du Ibargoienek. Eguneroko objektuak eta egunkari zati zaharrak plano berean jarri ditu. Eta kuadro guztiak kolorezko marren bidez lotu ditu: “Marra hauek sustraiak dira; antzinako exijentzia hauek errotuta daudela erakusten du nolabait”, adierazi du.
Hiri paisaien nortasuna islatu du erakusketaren bigarren atalean. Italia, Praga, Suedia… Ezagutu dituen hainbat hiriak margotu ditu, eta haietan ikusi duen giroa irudikatu. Iruñea, Pasai Donibane eta Donostiako koadroak ere ikus daitezke erakusketan. Kubismoaren eragina nabari da margolanetan, plano anitzak landu baititu; denbora sekuentzia eta errealitate desberdinak koadro berean islatzeko.
Erakusketa otsailaren 16a arte izango da zabalik.