Bidezko merkataritza eta kontsumo arduratsua, Eguberrietan ere
Parte Zaharreko Kitzin dendan, Bidezko Merkataritza eta kontsumo arduratsuaren aldeko apustua egiten dute.
Narrika kaleko Kitzin dendan, bidezko merkataritzaren ideietan oinarritutako produktuak saltzen dituzte; duintasunez ekoitzitako produktuak, alegia.
Ahalik eta etekin handienak lortzea helburu duen ohiko merkataritzari aurre egiten dion eredua da bidezko merkataritzarena. Lehengaietatik hasi, eta merkaturatu arteko prozesu guztia zaintzen dute. Valentin Olaetxea, Kitzin dendako arduradunaren esanetan, «bitartekari kopurua ahalik eta gehien murriztea izaten da helburua, langileen lan baldintzak eta soldatak duinak direla ziurtatuz».
Beren produktuak merkaturatzeko bideak irekitzeaz gain, lortutako etekinen zati bat komunitatearen garapenerako bideratzen da: hezkuntza, osasuna edo aurrerapen teknologikoak lantzeko, besteak beste. Valentin Olaetxearen esanetan, «bidezko merkataritzaren helburua, garapen bidean dauden herrialdeetan baliabideen gehiegizko ustiapena eta truke desorekatua ekiditea da».
Bidezko merkataritza kontsumo arduratsuaren ideiarekin bat dator. Agurtzane Lekuonaren esanetan, «Kitzin dendan hemen ekoizten ez diren lehengaiekin egindako produktuak saltzen ditugu: elikagaiak, jostailuak, bitxiak, eskulanak, kosmetikoak, artilezko produktuak, apaingarriak… Gainera, guztiak eskuz eginak dira; ingurumena errespetatuz eta modu ekologikoan ekoitziak».
Kitzin dendara hurbiltzen diren bezero gehienak hain zuzen ere, kontsumo eredu jasangarriarekin kontzientziatutako hiritarrak izaten dira.