Ezkerretik eskuinera: Galtzagorri elkarteko Itziar Zubizarreta, Juan Kruz Igerabide idazlea, Nerea argitaletxeko zuzendari Marta Casares eta Elena Odriozola marrazkilaria. (Argazkia: N. Lizarralde)
Juan Kruz Igerabide idazlea eta Elena Odriozola marrazkilaria Eguberriaren tradizioa berreskuratzeko elkartu dira; Eguberria piztu egin dute.
Eguberria liburua argitaratu dute Nerea argitaletxearekin. Igerabidek Eguberrien inguruko euskal tradizioak, mitoak eta musikak berreskuratu ditu. Arbasoen mundu magikoa, natura eta erlijio tradizioa uztartu ditu. Elena Odriozola ilustratzaile donostiarrak Igerabidek bildutakoa marrazkiekin osatu du.
Amona bat eta bere biloba dira liburuko pertsonaia nagusiak: “Elenak marraztutako bi pertsonaia hauek Eguberriaren tradizioaren transmisioaren sinbolo bihurtzen dira argitalpen honetan”.
Kontakizuna bost ataletan banatu du Igerabidek. Solstizioari buruzko atala da lehena: “Eguzki zaharra hiltzen da eta eguzki berria jaiotzen da. Horri buruzko pentsamendu mitologikoa edo azaltzen da. Umetxo jaioberria eguzkiaren tradizioan dago eta; horrela interpretatu dute kultura askok. Horrek badu Jesusen jaiotzarekin lotura zuzena izango luke nire ikuspegitik”. Euskal tradizio zaharraren azalpenarekin jarraitzen du Igerabidek: “Urari buruzko kantak eta erritoak, landare eta zuhaitzen ingurukoak, jantziak eta ogia egitea, besteak beste. Pentsamendu animistatik sortutako ohitura mordo bat dira, orain gutxi arte bizirik izan direnak”.
Olentzeroren pertsonaia ere agertzen da liburuan, hirugarren atalean. Tradizio zaharretik kristau tradiziorako zubia da Igerabideren ustez: “Gizakiei iragartzen die Kixmi jaio dela. Hala deitzen zioten jentilek Jesusi. Jentilek bere buruaz beste egiten dute Kixmi jaiotzen denean; Olentzerok ez, Olentzerok esaten die gizakiei Kixmi jaio dela. Hork markatzen da tradizio zaharretik garai hartan tradizio berria zenarentzako mugarria”. Laugarren zatian tradizio kristauko kantu bilduma bat agertzen da. Eta bosgarren atalean, Eguberri laiko baterako kantuak bildu ditu: “Eguberria erlijioaren ikuturik gabe ere bizi daitekeelako”.
Haur zein helduentzako liburu bat da Eguberria. Testu eta marrazki bidez antzinako tradizioak ezagutzeko aukera izango du irakurleak.
Elena Odriozolak bere haurtzaroa izan du inspirazio iturri. Etxean ikusitako liburuak berreskuratu ditu: “Jon Zabalo Ballarin
Txiki ilustratzailearen marrazkiak izan ditut buruan.
Xabiertxo liburukoak esaterako. Haren estiloak inspiratu nau”, adierazi du marrazkilari donostiarrak.
Liburua gazteleraz eta euskaraz argitaratu du Nerea argitaletxeak.