Egungo Dbizi sistema desagertu egingo da.
Enpresa berri batek kudeatuko du zerbitzua; 25 geltoki eta 250 bizikleta egongo dira erabiltzaileen eskura
Bizikleten alokairu publikoko zerbitzu berria, otsailetik aurrera abian jarriko dute. Egun indarrean dagoen Dbizi sistema abenduaren 31ean bukatuko da, eta hortik aurrera, Bonopark S. L. enpresak kudeatuko du zerbitzua. Sistema guztiz berria izango da, eta horrek hainbat aldaketa egitea eskatzen duela azaldu du Mugikortasun zinegotzi Jon Albizuk. Egun, bederatzi geltoki eta 150 biikleta daude eta hurrengo urtean, 25 geltoki eraikiko dituzte auzo berrietara zabalduz, eta 250 bizikleta egotea aurreikusten dute.
Urtarrilean, geltokien aldaketak egiteko, zerbitzua etengo dute otsailerarte. Ondoren, erabiltzaileek berriro egin beharko dute bazkide.
40 euroko bonoa
Prezioetan ere aldaketak egingo dituzte. Urteko bonoak 40 euroko prezioa izango du eta horrekin lehenengo 20 minutuak doakoak izango dira. Ondoren erabileraren arabera, 0,10 euro, 0,60 euro edo 3 euro ordaindu beharko dute erabiltzaileek. Albizuk azaldu du, erabiltzaileen %75ak, ez duela bizikleta 20 minutu baino gehiago erabiltzen.
Berrikuntzen artean, geltoki eta bizikleta kopuruen zabaltzeaz gain, bizikleta elektrikoak ere jarriko dituzte. Bestalde, ordutegia ere zabalduko dute; 6:30etik 23:00etara jarriko dute.