Sei euskal abeslari ezagunek Kursaal kantuz beteko dute larunbatean
‘Sortuko dira besteak’ ikuskizunean, Eñaut Elorrieta, Alex Sardui eta Amets Arzallus izango dira, besteak beste
Kursaal Fundazioko sarrerak gaur jarriko dituzte salgai: Gaur bertan, 11:30ean, datorren denboraldiko Kursaal Fundazioko sarrerak salgai jarriko dituzte. Denboraldi berria 2013ko otsailean hasiko da eta ekainera arte iraungo du. Guztira, 16 kontzertu jasoko ditu; horietako bost musika klasikoaren arlokoak, beste zazpi herri musikakoak eta beste 4 haurrentzako berezi antolatutakoak. Hala, Errusiako orkestra, Berri Txarrak eta Arratsalde on, Swing ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da. Sarrerak eskuratzeko, honako bideak egongo dira: Kutxa.net webgunea, Viktoria Eugeniako leihatila eta Kursaaleko leihatila (11:30-13:30 eta 17:00-20:00).
Kontzertua
‘Sortuko dira besteak’
Euskal kantugintzako abestiek eta nazioarteko hainbat abesti ezagunek bat egingo dute Kursaalen, Sortuko dira besteak ikuskizunean. Bilboko Arriaga eta Gasteizko Principal antzokietatik igaro ostean, Donostian bukatuko du aurtengo bira ikuskizunak, baina datozen urteetan ere formatu berarekin jarraitzeko asmoa dute. Euskal musikagintzako sei ahots batuko dira, euskaraz abesteko; Eñaut Elorrieta, Alex Sardui, Mikel Urdangarin, Petti, Arantxa Irazusta eta Pier Paul Berzaite. Taula gainean, ordea, abeslariekin batera, hainbat musikari ariko dira zuzenean jotzen: Joxan Goikoetxea, Oriol Flore, Txema Garces, Xanet Arozena, Zeberio eta Luis Fernandez. Gainera, Amets Arzallus bertsolariak eta Bernardo Atxaga eta Kirmen Uribe idazleek propio birarako sortutako testu argitaratu gabeak eskainiko dituzte. Guztira, kontzertuak bi orduko iraupena izango du, eta oraindik sarrerak eskura daitezke. Xehetasunen berri emateko aurkezpena egin zuten Joxeanjel Arbelaitz antolatzaileak eta Joxan Goikoetxea musikariak atzo goizean, eta euren hitzetan, helduetaz gain, gazteentzako ere kontzertu egokia da. Izan ere, apustu «interesgarria» eta «aberasgarria» dela uste dute antolatzaileek, eta belaunaldien arteko zubirako balio duena.
Elorrieta, Ken Zazpiko abeslaria da eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin proiektu batean murgilduta dago taldearekin; Sardui Gatibu taldeko abeslaria da eta Zazpi kantoietan diskoa kaleratu berri dute; Mikel Urdangarinek Azula diskoa osatu berri du… kontzertuan parte hartuko duten guztiak euren musika proiektuetan dabiltza, baina tartetxo bat hartu dute, elkarrekin kontzertu berezia osatzeko. Rolling Stones, Jaques Brel, Leonard Cohen, Pablo Milanes eta gehiagoren abestiak entzuteko aukera izango da, Mikel Laboa, Xabier Lete, Imanol, Ruper Ordorika eta Benito Lertxundiren abestiekin batera. Bigarren aldia da abeslariek halako kantaldi baterako bat egiten dutela, izan ere, 2011ean, Xabier Lete hildako abeslari oiartzuarra omentzeko bat egin zuten, eta topaketa hartatik sortu zen oinarria oraingo ikuskizun honetarako. Gainera, ikuskizunaren izena ere, Leteren Izarren hautsa kantutik hartu dute. Lehen bira arrakastatsu hartako abestiren bat ere ekarriko dute Donostiara, Euskal Herri nerea, Altzateko jaun eta Lore bat zauri bat, besteak beste.
“Ezinezkoa da aspertzea”
Joxeanjel Arbelaitz antolatzailearen ustez, ikuskizunean «ezinezkoa da aspertzea», bi orduko iraupena duen arren, «dinamikoa» baita. «Ikuskizun berria da eta etortzen ez denak zerbait galduko du», ohartarazi zuen Arbelaitzek. «Hogei abestiek kantarien galbahea igaro dute, eta entzuleen bihotzetara iristea espero dugu», gehitu zuen Joxan Goikoetxea musikariak.
Gainera, Goikoetxeak argi utzi zuen kantuen hautaketa ongi pentsatutakoa izan dela, eta oso ongi landutako egokitzapenak izango direla. «Datorren urteari begira ere lanean hasiak gara», aurreratu zuen musikariak.
- Zer. Sortuko dira besteak. Kontzertu berezia, sei euskal abeslariren eta beste hainbat kideren bateratzea.
- Noiz. Larunbatean, abenduak 22, 20:00etan.
- Non. Kursaalen.
- Iraupena. Bi ordu.
- Sarrerak. Kutxasarrerak.net webgunean edo Viktoria Eugeniako eta Kursaaleko leihatiletan. 11, 15, 19, 24 eta 30 euroko prezioa dute.