Santo Tomas egunean horrela jantziko dira emakume eta neskatila asko. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Azken urteotan baserritar jantzien koloreak eta diseinuak aldatu edo egokitu badira ere, oinarrian, garai bateko bizilagunen janzkera irudikatzen dute
Parte Zaharreko Idoia Odriozola dendan, 1895. urteaz geroztik saltzen dituzte euskal jantziak. Idoia Odriozola, dendako arduradunak, inork baino hobeki ezagutzen ditu jantzien aldaketak, belaunaldiz belaunaldi igarotako denda baita beraiena. Idoia Odriozolaren esanetan, «askok betiko jantzi beltzak edo urdin ilunak nahi izaten dituzte, tanto txikiak dituzten horiek. Koloredunak ez direla aintzinakoak uste dute, baina ez da horrela; jantzi alaiak eta koloretsuak ere erabiltzen zituzten lehen».
Antza denez, jantzi ilunak lanerako erabiltzen ziren, eta jai egunetarako edo azokarako bestelakoak. Maila ekonomikoaren arabera, jantziak ere desberdinak izaten omen ziren eta itxuran baino, oihalen kalitatean zegoen aldea. Emakume txiroenek adibidez, koloretako zatidun gonak josten zituzten, zati bat apurtzen zenean, beste batez ordezkatzeko.
Modu batekoa zein bestekoa izan oihala, hauek dira ezinbesteko elementuak, baserritarrez egoki janzteko:
Emakumeentzako, gonazpikoa, gona, mantala, blusa, artillezko xala eta zapia buruan. Nahi izanez gero, gerruntzea ere bai. Eta hanketan galtzerdiak eta abarkak.
Gizonentzako, galtzak, gerrikoa, brusa, barnekoa, brusa luzea, txapela eta zapia lepoan. Oinetan, artilezko galtzerdiak eta abarkak.