Bonifacio margolari donostiarraren lan onenak erakusketa batean bildu dituzte
‘Bonifacio 1933-2011’ izeneko erakusketa irekiko dute bihar Kubo aretoan. Bonifacio Alfonso margolari donostiarra zen, eta Bonifacio bezala ezagutzen zuten denek. Laster alde egin zuen bere jaioterritik, eta Bilbon eta Madrilen bizi izan zen, besteak beste. Hainbat lanbide izan zituen margolari izan baino lehen, jazz talde bateko bateria jotzailea, arrantzalea, toreatzailea… baina pintura izan zuen azkenean pasio. Izan ere, oso gaztetatik hurbildu zen pinturara, eta 1955ean Donostiako Lehen Pintura Saria lortu zuen Kristo Kubista izeneko lanarekin. Jose Luis Merino da erakusketako komisarioa, eta berak egin du Bonifacioren koadroen arteko aukeraketa, onenak hautatzeko.
Erakusketa bihar bertan zabalduko dute, eta apirilaren 7ra arte egongo da ikusgai. Sarrera doakoa izango da, eta asteartetik igandera egongo da zabalik. Ordutegia, 11:30etik 13:30era izango da, eta 17:00etatik 21:00etara.