Illunbe (Argazkia:Estitxu Zabala).
Donostia Arena 2016ko barrutia alokatzeko prezio publikoak jartzeko proposamena onartu du udalbatzak, EAJk proposatuta. Erabaki honekin zezenketak egin ahal izango dira Illunben, udal gobernuaren iritziaren kontra. PSE-EEk eta PPk bat egin dute jeltzaleekin, eta ez dute inolako arazorik izan neurria txalotzeko. “EAJk proposamen hau ekarri izan ez balu, Illunben ez lirateke zezenketak ospatuko”, aitortu du PPko ordezkari Jose Luis Arruek.
Zezenketen inguruko eztabaida Bilduren etorrerarekin hasi zen udalean. Udal gobernuak zezen plaza zezenketak egiteko lehiaketara ez zuela aterako iragarri zuen, eta EAJk “B plana” aurkeztu du Bilduren asmoaei aurre egiteko. Beste hainbat ekimen egiteko bezala, zezenketetarako ere Illunbe enpresei alokatzea proposatu du EAJk udalbatzarrean aurkeztutako proposamenarekin. Orain arte, udalaren kontzesioz lehiaketara ateratzen zen gunea, eta adostutako proposamenarekin zezenketei atea ireki die EAJk, PSE-EE eta PPren babesarekin, jakinda udalak ez zuela lehiaketarik deituko.