Plasentziako Kondea kalea. Rafael Munoa kalea izango da aurrerantzean (Argazkia: Mikel Goñi)..
Urteko azken udalbatzarrak hartutako lehen erabakietako bat Plasentziako Kondea kalearen izen aldaketa izan da. Aho batez onartu dute udal taldeek proposamena, eta Rafael Munoa kalea deituko da orain Kontxa pasealekua eta Zubieta kalea lotzen dituen etxartea. Hain zuzen ere, Plasentziako Kondea, Jose Arrospide Alvarez, Emilio Mola jeneralaren laguntzailea izan zen tropa frankistak 1936ko irailaren 13an Donostian sartu zirenean. Udal Gobernuko ordezkari Ricardo Burutaran pozik agertu da aldaketarekin, frankismoarekin zerikusia duten ikurrak kentzea ezinbestekoa dela adierazi baitu.
Oposizioko taldeek, bere aldetik, Plasentziako Kondeari buruz baino, Rafael Munoaren inguruan hitz egin dute. Izan ere, marrazkilari donostiarraren izenak hartuko du orain kale hori. Munoa joan den maiatzean hil zen, 82 urterekin. “Donostiarren izaera islatzen zuen pertsona bat zen”, esan du PSE-EEko ordezkari Ernesto Gascok.
Bestalde, aho batez ere, Intxaurrondoko plaza bati Gaztañaga izena jartzea erabaki dute, bertan zegoen baserriaren omenez. “Toponimia da hiri baten lekuko fidelena”, esan du EAJko ordezkari Miren Azkaratek, eta izendapen honekin memoria gordetzen dela nabarmendu du. Auzotarren ekimenez proposatu dute izendapen hau.