Txikienek eta gurasoek badute non bildu
Intxaurrondoko guraso talde batek sustatu du Intxhaurgunea; 0 eta 5 urte arteko umeentzako gunea izango da
Intxaurrondon zabaldu berri dute 0 eta 5 urte bitarteko haurrentzako eta haien gurasoentzako gunea. Toki berriak Intxhaurgunea izena du, eta helburua, auzoko guraso eta haurrak biltzeko gunea izatea da.
Proiektua, guraso talde batek sustatu du, eta udal gobernuak diruz lagundu du. Atzo, Gazteria zinegotzi Naiara Sampedrok azaldu zuen, gurasoek abian jarritako egitasmoa Gazteria sailak 6.470 euroko diru laguntzaz babestu nahi izan duela.
Lekua ez da haur eskola bat. Hori argi utzi zuen Intxhaurguneko kide Juncal Lertxundik; «ez da haurrak hor utzi eta zerbait egitera joateko zerbitzu bat, haurrekin bertan egoteko eta hauek euren artean harremanean jartzeko gune bat baizik», esan zuen. Azaldu zuen, txikienentzat, arratsaldeetan etxean egon ordez, batzeko gune bat izatea duela helburu.
Izan ere, astelehenetik igandera irekita egongo da. Ordutegia ere zabala du, 11:00etatik, 13:00etara, eta 16:30tik 19:00etara.
Gunea erabili ahal izateko, hasteko, kide guztiek 30 euro jarri dituzte. Ondoren, hilabetean 20 euro jarriko dituzte, ura, kalefazioa eta halako gastuei aurre egiteko. Guztira proiektuan, dagoeneko, 30 guraso inguru daudela azaldu zuten.
Auzo lanean sortutako gunea
Ekimena aurkezterakoan azpimarratu nahi izan zuten proiektuak eduki duen auzolan izaera. Izan ere, auzo elkarte eta auzotar askoren babesa eta inplikazioa jaso duen egitasmoa dela azaldu zuten; ez gurasoena bakarrik.
Lokala, haurtzarorako espazio bati aurre egiteko gune bat dela esan zuten, eta hori bera atontzen, margotzen eta egokitzen auzotarrak aritu direla lanean azaldu zuten. Bertan dagoen materiala ere, ia dena birziklatua dela azpimarratu zuten, batez ere, jostailuak.
Sampedrok zoriondu egin zuen egitasmoa, lehenengo aldia baita, udalak 0 eta 5 urte arteko espazio bat babesten duela. Gainera, esan zuen, txalogarri eta eredugarriak direla halako ekimenak; «auzo lanari esker eta partaidetzaren bidez abian jarritako proiektua da, eta esperientzia pilotu gisa eredugarria izan daiteke hiriko beste auzotan ere horrelako proiektuak garatzeko», adierazi zuen.
Bestalde, proiektuaren autonomia ere azpimarratu zuen Sampedrok, esanez, helburua ez dela horrelako haurguneen udal sare bat sortzea, baina bai horrelako ekimenak sustatu eta babestea; «bereziki, inplikazio, konpromiso eta lan metodologia serio bat dagoenean», gehitu zuen.
Lertxundik, auzo ekimenek behar bati erantzun diotela esan zuen, eta eskerrak eman zituen jasotako udal babesari, baina oraindik zintzilik dauden hainbat eskaerei ere babesa emateko eskatzeko aprobetxatu zuen atzo.
Irekiera festa, larunbatean
Gunea ofizialki inauguratzeko, festa antolatu dute larunbaterako. Goizetik hasita, 11:30ean proiektuaren aurkezpena eta pintxoak jarriko dituzte. Ondoren, 12:00etan, 2 eta 4 urte bitarteko haurrentzako ipuin kontalariak arituko dira. Segidan, Olentzeroren bisita izango dute, auzoko umeen gutunak jasotzera joango delako. Azkenik 12:45ean, eskulanetako materialen zozketa bat egingo dute.
Antolatzaileek zein zinegotziak dei egin zuten inaugurazio festara inguratzeko. Gainera, azpimarratu zuten, deialdia ez zietela soilik Intxaurrondoko bizilagunei luzatzen, baizik eta beste auzoetako lagunak ere gobidatuta zeudela lehen festa horretara.
Azkenik, lokala Lizardi kaleko 25. zenbakian dagoela azaldu zuten, zehazki udalaren lokal batean. Lokala bi gelatan dago banatuta, 0 eta 1 urte bitartekoentzako gela batean eta 1 eta 4 bitarteko beste gela batean.
Lertxundik, bukatzeko, azpimarratu nahi izan zuen, ekimenak haurtzaroari bitarteko bat eskaintzeaz gain, auzoari bultzada bat emateko balioko duela.

