Itxaso Araque: "Egungo pertsona askoren errealitatea islatzen dute pertsonaiek nire ustez"
Itxaso Araque; Augustin Zubikarai bekaren irabazlea
Itxaso Araqueren anaiak Augustin Zubikarai literatura lehiaketara bidali zuen bere arrebak Londresetik bidalitako zirriborroa; egiatarra irabazlea izan zen, eta liburua argitaratu berri dute.
Gasteizen Itzulpengintza lizentziatura ikasi zuen Itxaso Araquek (Egia, 1988). «Beti izan dut gogoko letren mundu hori. Gainera, harreman zaila izan dut hizkuntzekin. Gurasoek ez dute euskaraz hitz egiten, eta nire burua elebiduntzat dut», adierazi dio gazteak Irutxuloko Hitzari. Urtebetez Berlinen Erasmusa egin zuen, eta ondoren, Londresen frantsesa, gaztelera eta alemana irakasteko master bat egin zuen. Horren bidez, Londreseko institutu batean frantseseko irakaslea izan zen. Orain, Cambridgen Literatura Konparatua ikasten ari da. Donostiara etorri da egun batzuez, eta bere lehen liburua aurkeztu du, Damutzen ez direnak. Berriro Cambridgera itzultzekoa da, baina, etorkizunean Donostian ikusten du bere burua.
Nolatan erabaki zenuen Augustin Zubikarai bekan parte hartzea?
Garai horretan Londresen nengoen. Ideia batzuk izan nituen eta istorio batzuk idazten hasi nintzen. Hilabete batzuk geroago nire anaiari bidali nion zirriborro moduko zerbait, ia 30 orri ingurukoa, eta bere iritzia eskatu nion. Gustuko izan zuen eta inprimatu eta lehiaketa batetara bidaliko zuela esan zidan. Azkenean gurasoek bidali zuten fisikoki, beraz, azkenean, denon arteko lana izan zen.
Nola jakin zenuen saria irabazi zenuela?
Esan bezala, Londresen lanean nenbilen, irakasle bezala. Etxera oso nekatuta iritsi nintzen, euria ari zuen… Xabier Mendigurenen dei bat jaso nuen, eta berak eman zidan berria. Denbora behar izan nuen albistea barneratzeko. Ez nuen espero.
Lehiaketara aurkezten duzuena lagin baten modukoa da. Gero denbora asko behar izan duzu istorio guztia osatzeko?
Urtebete. Egia esan gustura egin dut, baina presio pixka bat ere sentitzen nuen, banekielako epe bat nuela bukatzeko. Baina epea izatearena ere ongi dago. Hori bai, lanean aritzea eta idaztea ez dakit oso bateragarriak diren, batez ere, Londres bezalako hiri bizi batean.
Hiru istorio eta hiru protagonista bildu dituzu liburuan.
Bai, hiru pertsonaia dira. Bata, Stuart da, Londresen bizi da eta inbertsio banku batean lan egiten du. Narrazioa bere neska lagunak kontatzen du, bigarren pertsonan. Stuart inbertsio banku batean lanean hasi zen, unibertsitateko zorrak ordaintzeko. Bi urteko proiektu bat zuen, baina nahigabe bertan geratu da. Horren ondorioz, neska-lagunak utzi egin du, eta atzera eginez bere istorioa kontatzen du. Beste pertsonaia bat Andreas da, arkitektoa da eta Berlinen bizi da. Unibertsitate garaian Bauhaus berr i bat egin nahi zuen, arkitektura eskuragarriago bat. Baina ikusiko du ezin duela eta eraikuntza enpresa batentzako lanean ari da, luxuzko hotelak eta antzekoak egiten. Hirugarren pertsonaia Naroa da; donostiarra da baina Bartzelonan bizi da. Filosofia eta Letrak ikasketak egin zituen, eta orain kazetari bezala lanean ari da. Italiako mutil-laguna du eta Italiara itzuli nahi du, eta berak ez daki zer egin, maitale bat ere badaukalako…
Zerk batzen ditu hiru pertsonaiak?
Ez dute elkar ezaguntzen, baina antzeko arazoak dituzte. Gazte garaietan zituzten printzipio asko bertan behera utzi dituzte. Kontraesanak dituzte eta ez dakite zertan ari diren. Guztiak, gainera, 30 urteren bueltan dabiltza. Egungo pertsona askoren errealitatea islatzen dute pertsonaiek nire ustez.
Eta orduan zergatik jarri diozu Damutzen ez direnak izenburua?
Bai, galdera izan daiteke, zergatik ez, damutzen direnak?Nik uste dut damutu esaten dugunean ez daukagula hori buruan, errudun sentitzen garela. Sentsazio hori ez da gurea, gizarteak sortutako zerbait baizik, eta baita erlijiosoa ere. Damua gehiago lotua dago egin ez dugun horrekin, eta ez bada existitu, fikzioa da. Inor ezin da ezertaz damutu.
Duela gutxi jaso duzu argitaratutako liburua. Zer sentipen duzu?
Bapateko kontu bat izan da. Badakizu sari bat irabazi duzula eta urtebete duzu hori barneratzeko, baina hori ez da gorpuzten. Orduan, eskuartean liburua izateak ez dizu hori sinistarazten laguntzen. Arraroa da.
Orain zer espero duzu?
Ingurukoen iritzien esperoan nago lehenengo, ea zein kritika jasotzen ditudan. Ondoren, ideia asko ditut buruan, baina horiek gorpuzten denbora pasako dut. Fikzioa idaztearena eta irakasle lana uztartu nahi nituzke, baina nahiko amets potoloa dela uste dut.
Beste hizkuntzaren batean idazten ausatuko zinateke?
Euskaraz gain, naturalena gaztelera izango litzateke. Eta, agian, egunen batean ingelesez, baina ez dut uste. Hizkuntza sentitu egin behar duzu.