
Baltasar erregea, iaz, Kaira iritsi zenean. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Larunbatean 14:50ean iritsiko dira Kontxara
Duela bi urte, elefante gainean; iaz, itsasoz, itsasontzi batean; eta aurten, garraio ekologiko eta iraunkor baten gainean. Donostia Kulturak bidali duen oharrean ez dute zehaztu nola iritsiko diren Meltxor, Gaspar eta Baltasar, baina ziur aski, pedalei eragiten helduko dira Donostiara. Kontxan izango dira 14:50ean.
Kontxatik udaletxera abiatuko dira. Pasealekutik joango dira Nautikoraino eta handik udaletxera joko dute. Euria egingo balu, Errege Magoak Udaletxera iritsiko lirateke 15:00 orduetan eta balkoitik agurtuko lituzkete Alderdi Ederrera bertaratuko liratekeen haur guztiei.
Udalbatza aretoan, 15:30 eta 17:00ak artean agurtzera hurbildu eta beren eskutitza eman nahi dieten neska-mutilei egingo diete harrera Errege Magoek. Haurrak azkarrago hartu ahal izateko, kolore desberdineko gonbidapenak banatuko dira. Hala, zain daudela, haurrek, beren gutuna zein Errege Magori eman nahi dioten erabaki beharko dute.
Errege Magoen laguntzaileek Udaletxeko terrazara hurbiltzen diren neska-mutilen eskutitzak jasoko dituzte 17:00 eta 17:30 bitartean. Laguntzaileek, noski, eskutitz horiek erregeei emango dizkiete haurrak oparirik gabe gera ez daitezen.
Desfilea, 18:00etan
Arratsaldeko 18:00etan abiatuko da Bulebarretik Errege Magoei ongi etorria emateko desfilea, eta hiriaren erdialdeko kaleetan barrena ibiliko da: Hernani, Askatasunaren hiribidea, Urbieta, Prim, Bergara, Idiakez, Gipuzkoa plaza, Legazpi eta Bulebarra.
Desfilean, Errege Magoak lagunduz, trikitilariak, txarangak, suhiltzaileak, Txu-txu trena eta Erregeen pajeak hartuko dute parte. Aurten ere, animaliek ez dute hutsik egingo. Guztira 576 lagun.
1.200 kilo goxoki
Donostiako neska-mutilek gozoki ugari eskuratzeko aukera izango dute, aurten, 1.200 kilo prestatu baitira -horiek guztiak zeliakoentzat egokiak. Kabalgata amaitu ostean, 19:00 inguruan, Errege Magoek hiriko hainbat ospitale bisitatuko dituzte urtarrilaren 5eko gauaren poza partekatzeko asmoz.