Gazteek online edo aldez aurretiko hitzorduarekin jaso ahal izango dute Gazte Zerbitzua
Webgunea eta sare sozialak indartuko dituzte; bulego fisikoa mantenduko dute, baina ordutegi berriekin.
Gaur azaldu dute, Donostiako Udaleko Gazte Informazio Zerbitzua berrantolatu egin dutela. Helburua, bitartekoak optimizatzea dela azaldu dute. Datorren astelehenetik aurrera, gazteek beren galderak eta zalantzak online eta aurretiko hitzordu sistema bidez egin ahal izango dituzte.
Orain arte, bulego fisikoa eta arreta zuzena, zerbitzuaren ardatz ziren. Hemendik aurrera, bitarteko telematikoak, ardatz bilakatuko direla adierazi dute, eta gazteen galdera eta beharrei erantzuteko asmoz aurretiko hitzordu sistema jarriko dutela abian.
Gazteria zinegotzi Naiara Sampedrok nabarmendu du, informazio zerbitzuekiko harreman birtualak nabarmenki egin duela gora gazteen artean; webgunea, sare sozialak, buletin elektronikoak, posta elektronikoa, foroak eta abar. Aldiz, zerbitzu hauen erabilpen presentzialak behera egin duela: “Joera horri erantzuteko asmotan, informazio estrategien berrantolaketa bat egin dugu, eta oro har gazteek informazio fidagarria, landutakoa, eguneratua eta kalitatezkoa jasotzeko esfortzu berezia egin bada ere, oraindik ere egokitzapen esfortzu bat egin behar dela uste dugu”, esan du.
Hamahiru ordu arretarako
Hortaz, astelehenetik aurrera martxan jarriko da aurretik hitzordu bidezko sistema berria. Posta elektroniko, sare sozial zein telefonoz erantzun ezin diren kontsultak, aurretiko hitzordu bidez erantzun ahal izango dira. Gazteak astean 13 ordu izango ditu aurretiko hitzordu bidez arreta pertsonalizatua izateko: asteartean: 11:00-14:00; asteazkenean: 11:00-18:00; eta ostegunean: 11:00-14:00.
Hitzordua eskatzeko hiru aukera jarriko dituzte: Mari kalean astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara eska daiteke, 943481435 telefonoan edota gazteinfo@donostia.org helbidean.


